Monitoreak kiroldegian ere, eta bi jarduera berri

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 16a, 13:52

Irudia: Egoitek-eko monitorea, Aitziber Muñoz kirol teknikaria eta Ander garay Kirol zinegotzia, Uarkapeko gimnasioan.

Udalak lau urterako kontratua esleitu dio Egoitek-i, Uarkaperen kudeaketa integrala eta kirol eskaintzak egin ditzan. Kontratu berriak Musakolan ere monitore zerbitzua izatea, eta bi ikastaro berri jasotzen ditu; jumping-a eta entrenamendua suspentsioan.

2019ak hainbat berritasun ekarri dituen besapean, Arrasateko Udalaren kirol eskaintzarekin lotuta. Udalak Egoitek enpresarekin lau urterako kontratua sinatu du Uarkapeko kudeaketa integrala egiteko –monitore aholkularitza zerbitzua eta atezaintza– eta kirol ekintzen eskaintzaz arduratzeko. "Lehen bi kontratu solte izaten ziren, baina behin hauek agortuta, biak bateratu ditugu kontratu bakarrean" azaldu du Ander Garay kirol zinegotziak. 

Esleipen berria urteko 123.000 euroren truke egingo du aipatutako enpresak, eta horrez gain,  kirol ikastaroen matrikulazioen %70a ere jasoko du.

Berritasunak 

Kontratu berri honek hainbat hobekuntza ekarriko dituela azaldu Garayk: "Iaz, monitore zerbitzua Uarkapen bakarrik eskaintzen genuen, baina kontratu berriari esker, Musakolan ere izango da; astelehenetik ostiralera, eta egunean hiru orduz". 

Bestalde, beste bi ikastaro berri egiteko aukera izango da 2019an: entrenamendua suspentsioan, eta Junping-a. Lehenean,  nyloneko bi soka eta norberaren pisua aprobetxatuz, gorputzeko muskulu guztiak lantzen dira, eta aproposa da indarra lantzeko, eta oreka zein malgutasuna hobetzeko ere. Junping-a, ordea, martxosogoa da, musika eta ohe elastikoak uztartzen dituelako. Oheak dimestio murriztutakoak dira, eta horien gainean salto erregulatuak egitean datza.  

Ate ireki jardunaldiak 

Aipatutako jarduera gidatu berriak probatu ahal izateko ate ireki saioak izango dira hurrengo bi asteetan, konkretuki urtarrilaren 25ean, 26an, 28an, 29an eta 30ean. Bi ekintza horiez gain, aeropilates eta strong jarduerak ere probatu ahalko dira. Ordutegiei eta kokaleku zehatzei buruzko informazioa Goiena.eus atarian aurkitu dezakezue.

Kirol orientazio zerbitzua  

Kontratu berriaren baitan kirol orientazio zerbitzu bat ere jaso dute. Honen helburu nagusia arrasatearren jarduera fisikoa areagotzea eta sedentarismoa murriztea izango. "Orain arte kirolik egin ez duten pertsona pasiboak aktibo bilakatzea da helburua. Martxoa aldean jarriko da martxan, eta orduan emango ditugu aholkularitza zerbitzu honi buruzko xehetasun guztiak.

Kiroldegi berria 

Musakolako Kiroldegi berriari buruz galdetuta, zera adierazi du Garayk: "Kirol taldeek helarazi zigutena jakinarazi genien aurreproiektua idazten ari direnei, eta espero dugu otsaila eta martxoa artean jada aurreproiektua amaitua egotea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak