Igor Isasi:"Zorte faltak zalantzak izatera eramaten zaitu"

Jokin Etxebarria 2019ko urt. 11a, 10:05
Zorte pixka bat falta izan zaiela uste du Igor Isasik

Iazko taldetik hainbat baja izan eta gero, denboraldia gogorra izango zela jakitun zen Kanpazar ART, baina partidu batzuetan taldeak zortea ere ez duela aldeko izan uste du entrenatzaileak

Denboraldi zaila izaten ari da Kanpazar ARTkoentzat. Asteburu honetan, lehen itzuliko azken partidua jokatuko du eta Igor Isasi entrenatzaileak argi du bigarren itzulian aurrera begira jarri nahi dutela eta lau aurkari zuzenen aurkako partiduek erabakiko dutela guztia.

Lehen itzulia amaitzeko partidu bakarra falta da, eta aurkaria ez da makala: Gaztedi.

Berez, gure ligako bost talde indartsuenetako bat da. Azken urteetan, ligako talderik onenetakoa izan da eta aurten ere hor dabil. Erasoan ez dabil aurreko urteetan bezain fin, agian, baina bigarren dago sailkapenean, lehenarekin berdinduta. Talde oso sendoa daukate, baina etxean jokatzen dugu beraien aurka eta topera irtengo gara.

Gabon egun hauek ondo etorriko zitzaizkizuen, agian, jendea berreskuratzeko, azken partiduetan zailtasun handiak izan baitituzue.

Azken partiduetan jende kopuru aldetik nahiko ondo ibili gara, baina emaitzek ez dute askorik lagundu. Bonus puntuak eskuratu ditugu, eta gaitz erdi, lan horretan txukun gabiltza eta horri esker aurrera begira jarri gaitezke; horrek erakusten du galdu arren, 7 puntu baino gutxiagogatik egin dugula, edo 4 entsegu lortuta. Azken-aurrekoak gara sailkapenean, baina tarte gutxi dago gure gainetik dauden hurrengo bietara.

Uste al zenuten kurtsoa horren gogor joango zenik?

Iaz, maila mantendu genuen, baina iazko taldetik baja batzuk izango genituela bagenekien, batzuen lan arazoak tarteko edo kanpora joan direlako ikastera beste batzuk. Denboraldi hasieran, estrategia moduan, denok zein partidutan egon behar genuen gorriz markatu genuen, ahal zela partidu horiek irabazteko. Lehen bosten aurkako partiduetan, lehen zatian, behintzat, lehiatzeko asmoz joaten gara, eta inork minik ez hartzeko esperantzarekin.

Taldea fisikoki sufritzen dabil, baina psikologikoki ere baietz esan daiteke?

Taldeak hasieratik zekien egoera zein izango zen, eta egunero entrenatzen ari diren 11-12 mutilak topera daude. Aurreko urteetatik, justu samar ibiltzera ohituta gaude. Iaz, hala ere, emaitza aldetik zorte handia izan genuen, irabazten hasi ginen denboraldia; aurten, berriz, hori falta izan zaigu. Zorte falta horrek psikologikoki zalantzak edukitzera eramaten zaitu eta bigarren itzulian derrigortuta gaude partidu horiek aurrera ateratzera. Egia da, hala ere, okerrago ezin dugula egin, eta, behintzat, badakigu zer den egin behar duguna partidu horiek irabazteko.

"OLENTZERO ONDO PORTATU DA ETA ERREFORTZU INDARTSUAK EKARRI DIZKIGU"

Bi partidu egon dira, bereziki, justu-justu galdutakoak aurkari zuzenen aurka. Horrek taldeari min handia egingo zion, ezta?

Bai; batez ere, Bera-Beraren aurkako azken partiduak. Irabazten joan ginen denbora askoan, eta, azken jokaldian, 22-21 galdu genuen. Horrek sekulako amorrua eman zigun. Bueltan gentozela, animatu nahian edo, esan genuen, behintzat, etxetik kanpo bonus puntu bat irabazi genuela, eta, seguruenik, etxean partidu hau irabazteko moduan izango ginela. Getxo, Gernika, Baztan eta Bera-Bera, hori izango da gure liga.

Bigarren itzuliari begira, beraz, horiek ahalik eta ondoen prestatzea da helburua?

Uste dut horiek irabaziz gero salbazioa ez dugula urrun izango, baina komeni da etxean jokatuko ditugun beste partiduetan ere bonus punturen bat eskuratzea. Talde indartsuenak etxean hartuko ditugu, eta urre balioa izango lukete puntu horiek. Bigarren itzulira begira, gainera, badaukagu nobedade bat, bi pertsona gehitu ditugulako taldera. Jokalari ohiak dira eta badakite jokatzen. Olentzero ondo portatu da eta errefortzu indartsuak ekarri dizkigu. Hala ere, hori zelaian erakutsi beharra daukagu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak