Iñaki Bengoa laguntzeko Ishot!u jaialdi solidarioak atzo gauez eman zuen lehen urratsa. Ateak zabaldu aurretik, 80 lagun inguru zeuden sarrerak lortzeko ilara egiten; gaztetxea ez zen zen betetzera heldu, baina oso gutxigatik.
Itziarren Semeakeko kideak izan ziren oholtzara igotzen lehenak, eta bizkaitar aurresku batekin aurkeztu zuten euren burua. Ohikoak dituzten koadrodun alkandorak soinean jarrita, punk rock eta ska doinuekin berotu zituzten aurrealdeko lerroetako ikusleak. Rancid-en euskarazko bertsioarekin, Negu Gorriaken Maitasun kanta-rekin edo euren Dale Candela kantarekin ikusleetako asko dantzan jartzea lortu zuten.
Ostean Glaukoma tolosarren txanda heldu zen, eta Juantxo Arakamaren gidaritzapean zuzeneko indartsua eta hunkigarria egin zuten; kontzertu kuttunenen kajoian gordetzeko modukoa.
Kontzertu berezia izan zen atzokoa –helburu solidarioa zuelako, eta Glaukomak denbora luzez emango duen azkena izan zelako– eta igarri zen; batez ere, Arakama dena ematera irten zelako. Kalima azken laneko kantak jo zituzten, tarteka Vol1 eta Vol2 diskoetako abestiak tartekatuz. Iñaki Bengoari, Ishot!u jaialdiari eta musika babesten duten eragileei erreferentzia hunkigarriak egin zizkion Arakamak, eta kanta baten erdian publikora jaitsi zen, Iñaki Bengoaren alboan abestu ahal izateko.
Bukaerarako sorpresa atsegin bat zuten gordeta. Ze guapa zauden abesti ezaguna jo zuten, baina amaiera zaratatsu batekin. Kanta bukatzear zegoenean, erritmoa erabat aldatu eta Soziedad Alkoholikaren abesti bat jo zuten, Ze guapa zauden kantako hitzekin nahastuta. Gaztetxea pil-pilean jarri zuten, eta Arakama jendarte gainera bota zen, hardcore kontzertu puruenetan bezala.
Orain Glaukomak atseden luze bat hartuko du. Berriki amaitu dute Kalima diskoaren aurkezpen bira arrakastatsua, baina eten luzea egin aurretik, Iñaki Bengoa laguntzeko azken kontzertu bat egitea erabaki zuten.
Gaur gauean, bigarren bala
Jaialdiaren bigarren kontzertua gaur gauean izango da. Bertan La Furia eta Pikete Lerroa taldeak arituko dira, azken hau Fermin Muguruzak eta Des-Kontroleko kideek osatzen dutelarik.