Alternatibak Bidasoaldeko alardeetako emakumeen bazterkeria aztertuko du Arrasaten

Xabi Gorostidi 2018ko abe. 14a, 13:27
Argazkia: Bidasoako HITZA.

Horretarako Emakumeak jaietan, lotsaren alardea izenburupean hitzaldia egingo dute Jaizkibel Konpainiako Oihana Etxebarrietak –EH Bilduko legebiltzarkidea ere dena–, eta Iñigo Goikoetxeak. Abenduaren 18an, martitzena, izango da Kulturaten, 19:00 eta Julia Monjek aurkeztuko du saioa. 

Hona hemen Alternatibako kideek bidalitako oharra:

"Alternatibak hitzaldia antolatu du Arrasaten, hilaren 18an, Hondarribiako eta Irungo alardeetan emakumeen kontra ematen den bazterkeria aztertzeko. “Emakumeak jaietan, lotsaren alardea” izenburupean, solasaldiak Jaizkibel konpainiako bi kide izango ditu hizlari. Batetik, Oihana Etxebarrieta, emakumeak eta gizonezkoak parekidetasunean biltzen dituen konpainiako kapitaina, eta EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizen; eta bestetik, Iñigo Goikoetxea “Jaizkibel Konpainia” komikiaren egileak hitz egingo du, bere lanak ospakizunaren historia eta konpainiako emakumeen hogei urteko borroka jasotzen ditu. Etxebarrietak bere esperientziaren berri emango du, Jaizkibeleko kapitain gisa, maila desberdinetako bitartekaritza ondo ezagutzen baitu. Gainera, bazterkeria lazgarri hau Eusko Legebiltzarrean jorratu izanaren bizipenak ere taularatuko ditu, talde politiko desberdinen kokapena argi duela. Goikoetxeak, bestetik, iaz argitaratutako lanean bildutako alardearen sorreraren inguruan, tradizioaren garapena eta egungo harrera soziopolitikoa izango ditu hizpide.

Hitzaldi hau Alternatibaren 10. urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren lehenengoa izango da. 2008ko abenduaren 13an jaio zen Alternatiba, Bilboko Bidebarrieta liburutegian eginiko batzar irekiarekin. Data gogoratzeko ekitaldia egingo da larunbat honetan, abenduaren 15ean, Bilboko Itsas Museoan. Gerora, eta apirilera arte, hainbat hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, horietako lehena, esan bezala, Arrasaten antolatu dela. Alardearen aferari helduko dion solasaldia datorren asteartean, abenduaren 18an, egingo da Arrasateko Kulturaten (Azoka kalea 1), arratsaldeko 10:00etatik aurrera. Julia Monge ekintzaile memorialista eta feministak aurkeztuko du saioa. Hitzaldia guztiz irekia izango da aretoaren edukiera bete arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak