'Sasoibide'-rekin bizipozari eusten

Jokin Etxebarria 2018ko abe. 14a, 11:12

Garagartzara egin zuten txangoan 25 lagun batu ziren

BiziPoz programatik sortu zen Sasoibide, paseoak ematea gustuko dutenen elkargune izan nahi duen proiektua. Dagoeneko bost irteera egin dituzte, eta 25 lagun inguru biltzen dira; urteko azkena abenduaren 20an egingo dute

Azken datuek diote Euskal Herrian pertsona gehiago hiltzen direla jaio baino, eta gizartearen adinaren batez bestekoa geroz eta altuagoa dela. Adinean aurrera doazen pertsona askok ez dute parte hartze aktiborik izaten; beste askok bai, ordea, adindun izateak ez du-eta indartsu eta ilusiodun pertsonak izatea eragozten.

Arrasateko lagun talde batek ederki erakutsi du teoria hori. Euren ezinegonari irtenbidea emateko asmoarekin, 55 urtetik gorako pertsona edo zahartzaroaren sektoreko agenteen beharren araberako zerbitzu espezializatuak diseinatzen dituen BiziPoz programan eman zuten izena. "Ikastaroaren barruan ekintzaren bat burutu beharra geneukan, eta, zer gustatzen zitzaigun galdetu zigutenean, guri paseatzea gustatzen zaigula erantzun genuen", kontatzen du Margari Gorrotxategik. BiziPoz-koek Madrilen ematen diren beka batzuetara proiektua aurkezteko animatu zituzten eta han ere hautatuak izan ziren. "Beka honek gauza guztiak nola antolatu eta egituratu behar ditugun jakiten lagundu digu", adierazi du Gorrotxategik, eta hortik sortu zen Sasoibide.

Hasieran, hamaika; orain, 25

Azaroaren 8an hasi ziren txangoekin. Ekilorera joan-etorria egin zuten orduan eta hamaika lagun bildu ziren: "Hamar aurkeztuz gero arrakastatsua izango zela pentsatzen genuen, eta azkenekoetan 25 lagun bildu gara. Gainera, adin tarte guztietakoak, eta egunetik egunera jende berria etortzen da. Badirudi jendea horrelako zerbaiten esperoan zegoela", diote Sasoibide-tik. Txangoek 5-8 kilometroko distantzia izaten dute eta bi orduko iraupena, gutxi gora-behera.

KULTUR KUTSUA ERE EMAN NAHI DIETE TXANGOEI, DENON ARTEKO JAKINTZAK PARTEKATUTA

 Ludikotasunaz gain, kultur kutsu bat eman ere nahi diote: "Ekiloren adibidez, bertako lanak azaldu zizkiguten, Garagartzan egon ginenean Ibarretako gurutzeen historia ezagutu genuen gurekin txangoan joan ziren partaide batzuen partetik. Denon arteko jakintzak partekatzen ditugu eta parte hartzea sustatu".

Hurrengo txangoa, hilaren 20an

Bost txango egin dituzte dagoeneko, eta urtea amaitu aurreko azkena abenduaren 20an izango da, beti bezala, goizeko hamarretan hasi eta hamabiak bitartean, gutxi gorabehera. Beti bezala, Biterin elkartuko dira eta herriko beste txoko bat ezagutu eta ezagutaraziko dute. Parte hartu nahi dutenei nortasun agiria eramateko eskatu diete, egingo duten bisitarako beharrezkoa izango baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak