Lapurretan egin dute Arrasateko gaztetxean

Xabi Gorostidi 2018ko abe. 11a, 08:59

Antza denez, eguerdi partean sartu ziren lapurrak sarrera nagusiko atea indarrez zabaldu ostean, eta behin barruan, dirua ostu eta kalte materialak eragin dituzte. Gaztetxeko kideek oharra kaleratu dute "erasoa" salatzeko, eta herriko beste hainbat komertziok jasan duten lapurreten "marko" berean kokatu dute atzoko gertakaria. Atzo, 12:00etatik 17:30ak arte gaztetxetik pasa ziren lekukoen laguntza ere eskatu dute, lapurrak atzeman ahal izateko.  

Ez da lehen aldia gaztetxeak era horretako lapurreta bat jasaten duena, eta gaztetxeko kideek esan dutenez oraingoa "potoloa" izan da. Gaztetxean izandako lapurreta aurrekari gertukoena, 2017ko ekainekoa da, baina gaztetxeko kideen arabera, lapurreta izatera heldu gabe, hainbat lapurreta saiakera izan dira azken aldian.

Ostegunean asanblada egingo dute, eta bertan erabakiko dute gertatutakoa salatzeko bestelako neurririk hartu edo ez. Bide batez, lapurretaren harira jasotako babesa eskertu nahi izan dute: "Milesker eraso honen aurrean babesa adierazi diguten gaztetxeei, eragileei eta norbanakoei". 

AGAKOren oharra

Hona hemen gaztetxeko kideek igorritako oharra bere osotasunean:

"Arrasateko Gaztetxea osatzen dugun eragile ezberdinok irmoki salatu nahi dugu astelehen honetan, hilak 10, jaso dugun erasoa. Azken asteotan gure herriko zein inguruko herrietako gaztetxe zein komertzio txikiei gertatu zaien bezala, guk ere lapurreta bat jasan dugu gaur eguerdian.

Irudia: Gaztetxeko ate nagusia gaur goizean. 

Lapurrek, indarkeriaz sarrera nagusiko atea behartu dute, eta gaztetxe barruan daukagun materiala erabilita kutxa-gotorra apurtu dute, barruan zegoen diru guztia ostuz. Beraz, kalteak, ekonomikoak ez ezik, materialak ere izan dira. Eraso hau ez dugu gure kontrako eraso soiltzat jotzen, eta herrian jazo diren beste erasoen marko berean kokatzen dugu. Izan ere, asko izan dira azken hilabete zein asteetan eman diren lapurretak. Aurrez aipatu bezala, guztiak herriko taberna zein komertzio txikietan eman dira. Horregatik, herri langilearen aurkako erasotzat jotzen ditugu lapurretok.

Ondo dakizuenez, Gaztetxea gune autogestionatu bat da, norbanako ugarik osatzen duten asanblada baten bidez kudeatzen dena. Horrez gain, beste zenbait talde zein eragileren etxea ere bada (Pottogorriak: gorputz askeen asanblada; Guraso eta Haur Asanblada; Kooltur Ekintza...). Esan gabe doa, horrelako erasoek benetan kaltetzen dituztela Arrasateko herrigintzan dabiltzan eragileak, eta baita norbanakoak ere.

Gertatutakoa salatzeaz gain, laguntza eskatu nahi genioke gaur eguerdian 12:00ak eta 17:30ak bitartean gaztetxe ingurutik pasa den herritar orori. Izan ere, ikusi ahal izan duzuen edozein jarrera susmagarriren berri ematea lagungarria izan liteke lapurrak behingoz harrapatzeko.

Hala ere, erasoen gainetik ilusioz aurrera jarraituko dugu, guztiona den etxe hau defendatuz!

Defenda ditzagun gaztetxeak!

Gora autogestioa!"

[Albistea aurrerago garatuko dugu]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak