Ane Zuazubiskar bigarren, bertsolari gazteen Xenpelar sarian

Xabi Gorostidi 2018ko abe. 10a, 12:44
Ane Zuazubiskar bertsotan, artxibo irudi batean

Atzo jokatu zen finala Oreretan. Sei bertsolari aritu ziren lehian, eta Eli Pagolaren aurka jokatutako buruz-burukoan bigarren geratu zen arrasatearra. "Zailtasun handiko ariketez betetako saioa izan zen, fin aritzea eskatzen duen horietakoa. Buruz-burukoan asko gozatu nuen, Pagolarekin batera abestea asko gustatzen zaidalako" azaldu du Zuazubiskarrek.

Bertsolari gazteen Xenpelar Saria, 1971an sortu zen. Zortzi urteko etenaldi baten ondoren, Ereintza Elkarteak hartu zuen antolaketaren ardura, eta azken aldian, bi urtez behin antolatzen da. 

Aipatutako bi bertsolariez gain, Jon Gurrutxaga, Joanes Illarregi, Jokin Bergara eta Aitor Salegi aritu ziren atzoko finalean. "Ariketa asko izan ziren buruz-burukoaren aurretik: bi ofizio, bi puntukako erantzun, bederatziko txikian bertsoak aurrez hitz bat eman ostean, puntuka eta bakarka. Denetan zailena, akaso, bederatzikoa izan zen. Nire kasuan adina hitza jarri zidaten gai bezala". 

Lehen ariketen ondoren, Eli Pagolarekin aritu zen nor baino nor, txapela poltsikoratzeko buruz-burukoan. "Azken txanpan gusturago aritu nintzen lehen fasean baino. Pagolarekin batera oso gustura aritzen naiz, eta pozik nago egindako lanarekin". 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak