0 eta 6 urte bitarteko umeek zabalik dute txikitxokoa

Maialen Regueiro 2018ko abe. 4a, 13:21

Txikitxokoa erabilgarri dago jada, eta, era horretan, erantzuna eman dio Udalak aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien jaso zituen eskariari. 0 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta gurasoek kudeatutako gunea izango da. 190 metro karratu inguru dituen eta gehienez 61 pertsona sartzeko aukera duen gune honek, egunero zabalduko ditu ateak, 09:00etatik 14:00etara bitartean, goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartean, arratsaldez. 

Proposamen botatuena

Eguraldi txarra egiten duenean, erdigunean, batez ere, haurrekin jolasteko leku gutxi daudela aldarrikatu izan dute Arrasateko gurasoek. Gaztetxearen baitan sortutako Guraso eta Haur Asanbladaren eskarietako bat ere horixe zen eta proposamen botatuena, 643 punturekin, Txikitxokoa sortzearena izan zen. 

Oinarrizko elementuez osatutako Txikitxokoa

Hasiera batean, 0 eta 6 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzendutako aisialdigunea izango da. Hori martxan jartzeko, lokal bat egokitu du Udalak Maalako errebalean, Okendo jauregiaren beheko solairuan, hain zuzen ere. Bertaratzen diren ume zein gurasoek oinarrizko elementuak aurkituko dituzte: denda kanpainak, txabolak, egurrezko dorrea, koltxonetak eta mahaiak, besteak beste. Horiek, gainera, Arrasateko saltokietan erosi dituzte. Norberak etxetik ekarri ditzake margoak eta koardernoak, bertan ez baita horrelako materialik egongo. 

Arauak

Erabilera egokirako arau hauek zehaztu dituzte: gunea garbi mantentzea, koltxoneta gainean ibiltzeko zapatak kentzea eta joan aurretik dena txukun uztea. 

Kostea

Udalak, lokala egokitzeko 21.845 euro ordaindu ditu eta ekipamendurako, berriz, 8.048 euro. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak