Europako ahots finak Goikobalu abesbatzan

Amaia Zabala 2018ko aza. 30a, 15:00
Arrasateko Goikobalu abesbatzak bi ahots berri ditu taldean, Maria Cîmpean eta Helen-Timea Molnar, Erasmus bidez Huhezira etorri diren ikasle errumaniarrak. Petra Thiele alemaniarra, berriz, hizkuntzen irakaslea da eta urtebete darama Goikobalun.
Maria Cîmpean eta Helen-Timea Molnarrek 21 urte dituzte eta Errumaniako Cluj Napoca hirian heziketa berezia ikasten ari dira elkarrekin. Irailaren 10ean, ordea, Arrasatera etorri ziren, Erasmus programaren bitartez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean bost hilabeteko egonaldia egitera. “Hasiera batean oso herri industriala iruditu zitzaigun Arrasate baina pixkanaka gehiago ezagutzen joan gara eta bere historia, eta, natura ezagutzearekin asko gustatu zaigu eta orain oso gustura gaude” dio Maria Cîmpeanek.
 
Kantuan ibilbide handia dute biek; izan ere, Mariak esaterako, Cluj Napoca hiriko elizako abesbatzan abesten du eta Timeak, berriz, unibertsitateko abesbatzan. “Abesbatza Erasmus esperientziko parte izaten ari da; izan ere, hiri berri batera joaten naizen bakoitzean beti bilatzen dut abesteko talde bat, ezinbestekoa da nire bizitzan” azaldu du Helen-Timea Molnarrek.
 
Bestalde, herriko abesbatzako kide izateak herrian erlazionatu eta integratzen laguntzen diela gaineratu dute errumaniarrek.
 
Bi gazteak abenduaren 14ean Arrasateko Harreman GKEaren alde Gokobaluk egingo duen emanaldian estreinatuko dira. Petra Thieleren bitartez izan zuten abesbatzaren berri; izan ere, hark urtebete darama Goikobalun. Alemaniako Lutherstadit Eisleben hirikoa da bera izatez, eta Mondragon Linguan ingeleseko eta alemaneko irakaslea da egun "Sei urte ditudanetik ibili naiz abesbatza batean eta Arrasatera iritsi eta hilabetera hasi nintzen Goikobalun. Oso ondo sentitzen naiz bertan, jendea oso atsegina eta irekia da" dio Thielek. Gaineratu du urte honetan abesbatzari esker Bartzelona eta Huesca bezalako hirietara bidaiatu duela.
 
Baina bada beste atzerritarrik ere Goikobalun; hain zuzen ere, Sylvie Schiettekatte quebectarrak 25 urte daramatza abesbatza honetan, Arrasaten bizitzen daramatzan berberak.
 

Gizonezkoen falta

45 lagun daude abesbatzatzan baina gizonezkoen presentzia eskasa dela-eta parte hartzera animatu dituzte arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak