'Luisa Fernanda' zarzuela argazkitan

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren 19. zarzuelak aurreikuspenak bete ditu eta erabateko arrakasta izan da. Atzo egin zuten lau emanaldietako azkena –lau saioetan bete da Amaia antzokia– eta igarri zen amaieran lantalde guztiak pozik bukatu duela bigarrenez taularatu duten Federico Morenoren Luisa Fernanda-rekin. Hurrengoa hogeigarrena da, izango dute zer ospatu.

Izaskun Murgia elkartearen zarzuela hobetzen doa urtez urte eta aurten ere lau emanaldietan ikus-entzuleengandik jaso duten harrera beroa ikusita, luzerako geratuko den itxura dauka. Tere Gonzalez buru duen proiektua elkarlanaren adibide garbia da; Arrasate Musikaleko bandak zuzeneko musikaz ematen dion balio erantsi ukaezin horrez gain, dekoratuetan eta jantzietan –besteak beste– sekulako lana dagoela bistakoa da. Aurtengo zarzuela Bilbon ikusita duen ikusle batek argi azaldu zuen amaieran: "Bilbokoari inongo inbidiarik ez, sekulako lana egin dute. Txalotzekoa da borondatez egiten duten lana".

Mertxe Salaberri: "Oso politak geratu dira lau emanaldiak"

Zarzuelako eszena zuzendari Mertxe Salaberrik balorazio ezin positiboagoa ezin zuen amaieran: "Borondatez aritzen garela jakinda, txalotzekoa da. Oso politak geratu dira lau emanaldiak; dekoratua, jantziak... ederra! Benetan hunkituta nagoela". Salaberriren arabera, ibilbide luzea dauka aurretik zarzuelak: "Jendearen berotasuna itzela da; azkena bukatu ostean hurrengoa zein izango den galdetzen digute, hori oso hunkigarria da".

Datorren urtekoa hogeigarrena izango da eta zuzendari orokor Tere Gonzalezek erabakiko du zein izango den urteurren berezirako zarzuela. "Terek erabakiko du zein izango den eta hortik aurrera jarriko dugu martxan makinaria guztia", dio Salaberrik.

Ruth Osinaga: "Azken honek asko suposatu du niretzat"

Luisa Fernandaren paperean aritu zen Ruth Osinaga arrasatearra "oso pozik" zegoen ikuskizunaren amaieran: "Saio bakoitza ezberdina izan da, baina guztiak egon dira ondo. Atzetik lan handia dago eta lantalde osoa txalotu beharra dago. Aurreko baten esan nuen akaso Gigantes y cabezudos zela nire zarzuela gustukoena baina orain, Luisa Fernanda bukatu berri dugula, zalantzak daukat; azken honek asko suposatu du niretzat".

Cristina Cubillo: "Oso gustura sentitu naiz"

Azken zarzuelan Carolinaren papera bete zuen Cristina Cubillo oso gustura sentitu zen atzoko emanaldian eta baita aurreko hiruetan ere: "Gaiztoaren papera egokitu zait eta uste baino errazagoa egin zait paper horretan aritzea, oso ondo pasatu dut". Elkarlanaren ideia nabarmendu zuen Cubillok: "Agertoki gainean ikusten denaz harago, jende asko dago lanean atzetik. Bakoitzak bere paperean, lan handia egiten dugu".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.