Isaias Carrasco Arrasateko udaletxeko areto nagusian omenduko dute bihar

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 23a, 10:05
Rafaela Romero eta Maddalen Iriarte, Isaias Carrascori martxoan egin zitzaion omenaldian

Omenaldia arratsaldeko 18:00tan izango da eta herritar guztientzat irekia. Musikaz lagundurik zinegotzi ohia oroituko dute

Martxoan bete ziren 10 urte ETAk Arrasateko zinegotzi ohi Isaias Carrasco erail zuela. Azaroaren 8an, Arrasateko udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zuten agerraldi bateratu batean, udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek Isaias Carrascoren omenaldian parte hartuko dutela adierazi zuten. Omenaldia bihar izango da, azaroak 24, arratsaldeko seietan, udaletxeko areto nagusian.

Herritar guztiei irekitako omenaldi xumea izango dela jakinarazi dute; musikaz lagundurik, familiartekoek eta Udaleko ordezkariek euren hitzekin Carrasco oroituko dute.

Lehen pausoa

Arrasateko San Andres auzoko Navas de Tolosa kalean 2008ko martxoaren 7an hil zuen ETAk zinegotzi sozialista izandakoa, eta leku hartan egin zioten omenaldia, hamargarren aldiz, pasa den martxoan. Orduan, EH Bilduko nazional mailako ordezkariak egon ziren bertan; ez, ordea, herriko ordezkariak. Arrasateko Udaleko Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiaren barruan sukalde lan handia egin eta gero, herriko alderdi politiko guztiek, baita EH Bilduk ere, adostu zuten omenaldian parte hartu beharra zeukatela. Memoriaren eta bizikidetzaren alde eman beharreko aurrerapausoetan lehena izango da bihar Carrascori egingo zaion omenaldia.

Horren ondoren, Iñaki Etxaberi eta German Agirreri egingo zaien aitortza etorriko da. Bestalde, sakabanaketa politikak sortu duen sufrimendua aintzat hartzeko, urte amaiera baino lehen ezagutzera emango den proposamen konkretu bat lantzen ari dira Udalean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak