Udalatxen egin zuten lehenengoz, 2014an, eta hurrengoan Kurtzetxikira eraman zuten ekimena; bi urtetako geldiunearen ostean, bihar, zapatua, egingo dute Murun, hirugarrena. "25. urteurrena ospatzen ari gara aurten, eta domekan borobilduko ditugu urteurreneko ospakizunak. Bailara guztia gonbidatu gura dugu, batetik, Euskaraldiarekin bat egiten duelako, eta bestetik, Murura herri askotatik samur igo daitekeelako; haurrekin igotzeko modukoa da", azaldu dute Ttakun taldekoek.
Arimazubi plazatik abiatuko dira, 10:00etan, eta 11:30 inguruan Muruko tontorrean egotea da asmoa: "Txalaparta bat jarriko dugu han, eta albokariak ere izango dira. Taldeko kideok saio libreak egingo ditugu, baina txalaparta probatu gura duten guztiek izango du horretarako aukera. Horrez gainera, guztiontzako sagardoa eta txorizoa ere eramango dugu".