"Feminismoaren aurkako erasoak" salatu dituzte Arrasaten

Miren Arregi Amasorrain 2018ko aza. 18a, 16:42

Pottogorriak, Emakumeen Mundu Martxak eta Jaikik, Arrasaten "Jaikiko pintada eta karteletan feminismoaren aurka" egin diren erasoak salatu dituzte. Eraso larritzat jo dituzte gertatutakoak eta "eraldatzailea kontsideratzen den proiektu orok ikuspegi feminista izan behar duela" adierazi dute.

Hona hemen prentsa oharra, osorik:

"Azkenaldian eta behin baino gehiagotan Arrasaten Jaikiko pintada eta karteletan feminismoaren aurka eman diren erasoen harira, Pottogorriak, Emakumeen Mundu Martxak eta Jaikik irakurketa bat egin dugu. Izan ere, eraso larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Askotan entzun behar izan dugu berdintasunean bizi garela; Arrasateko kaleko paretek eta baita beste hainbat gauzek ere ez dute hori adierazten, ordea. Feminismoa eta henbrismoa sinonimoak direla uste duzue? Edo zuen pribilegioez konturatzeak eta horiei uko egiteak beldurra ematen dizue? Berdintasunean bizi garela pentsatzen duzue? Ba begiratu datuei: Espainiako estatuan 8 orduero emakume bat bortxatzen dute, Euskal Herrian 7 dira eraildako emakumeak aurten, aste honetan gizon batek bere emazte eta semea labankadaz zauritu ditu, azken astean Elorrioko taberna bateko emakumezkoen komunean kamerak aurkitu dituzte... Eta horrela egunkaria bete arte!

Eraso hauek guztiak sistematikoki gertatzen dira, ez da kasualitatea edo pertsona bakar batzuen kontua. Guztion erantzukizuna da hau aldatzea eta beraz, gaur egun eraldatzailea kontsideratzen den proiektu orok ikuspegi feminista izan behar duela ezinbestekotzat jotzen dugu.

Horrelako erasoen aurrean ez gara etxean geldituko, Arrasaten gertatutakoa ere eraso matxista delako eta horrelako pintadak eta jarrerak direlako indarkeria mota guztien eta erailketen aurrekari. Jakin ez garela zerbait gehiago egin arte zain egongo, horrelako ekintzek gure kaleetan ez daukatelako lekurik. Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak