"Duela 40 urte askatasunaren alde antolatu eta borrokatzeko konpromisoa hartu zuten hainbat gaztek Jarrai antolakundearen sorrerarekin. Ezker Abertzalearen baitako gazte antolakuntzarako lehen espazioa sortu zuten. Batetik, gazteek problematika propioa bizi zutelako; eta gainera, problematika horren borroka herri honen askatasunaren borrokarekin elkarlotuta ulertu zutelako". Hitz hauek esanaz hasi dute gaurko ekitaldia, eta 40 urte pasa badira ere, Ezker Abertzalea hemen dagoela, bizirik dagoela eta indartsu daudela adierazi dute.
Dinamikaren helburuak
Dinamika, hiru helburu argiekin abiarazi dutela adierazi dute prentsaurrekoan: "Batetik, gazte antolakuntzaren memoria jasotzea, bestetik, gazte borrokan ibilitako kide ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartzea, eta azkenik, belaunaldi berriei antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzea". Horretarako, Arrasaten hurrengo hilabeteetan zehar hainbat ekimen burutuko dituzte. Gaurtik hasi, eta udaberrira arte ekintza ezberdinak izango dituzte, eta apirilaren 19tik 22ra Euskal Herri mailan antolatzen ari diren Gazte Topagune erraldoian emango diote amaiera.
40 urtetako hainbat ekimen
Aurkezpenarekin amaitzeko, 40 urtetako ekimen ezberdin batzuk aipatu dituzte. "Batzuk aipatzearren, oraindik gogoan dauzkagu Salto del Negro espetxean gose greban zeuden euskal presoei elkartasuna adierazteko buruturiko ekimenak, intsumisioaren aldeko aldarrikapenak, Hitza eta Ekintza, leku honetan bertan ospatutako nazio mailako hainbat kontzertu, Adecco bezalako enpresa esplotatzaileen aurkako akzioak, matxinatuen korrikaldia, Denak Ala Inor Ez dinamika, Mozal Ordenantzaren salaketa edota Urratsa Feminista eramateko lanketa.
Hitz hauek esanez amaitu dute prentsaurrekoa: "Euskal Herriak eta Arrasatek behar dute bultzada, behar dituzte bulkadak, bulkada berriak. Hori dela, urte luzetan kaleak gure egin ditugun modu berean jarraituko dugu maitasun eta irudimenez borrokaren haria ehuntzen".