Bizikleta martxa egin dute; Belarriprest eta Ahobizi auzoz-auzo ibili dira izen-emate orriak banatzen eta photocall-a eta taberna ere ipini dituzte. Jende dezente batu da plazara eta izan dira izena emateko aprobetxatu duenik ere.
Galdetegiak, ondorioak ezagutzeko
Dagoeneko 2.800 lagunek eman dute izena Arrasaten, 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzeko. Horietatik 700 bat izango dira Belarriprest. Hala ere azaroaren 22ra arte dago izena emateko aukera. Parte hartuko duen horri, hiru galdetegi bidaliko zaizkio. Bata, ekimenaren aurretik; bigarrena, ondoren eta azkena hiru hilabetera. Horrek balioko du, ekimenaren ondoren hizkuntz ohituretan aldaketarik izan ote den ala ez egiaztatzeko.
Arrasateko Euskaraldia ekimeneko antolatzaileek, oraindik ere izena emateke duten herritarrak animatu gura izan dituzte gaurko ekitaldiarekin. Eta nabarmendu dute, hori bukaerarik ez duen ekimena dela. Bereziki, 12. egunetik aurrera ere ekimenaren helburuak oso gogoan izateko.