Kanpanzar-ARTren hurrengo helburuak: lesiorik ez izatea eta aurrera begira jartzea

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 15a, 13:04

Zapatuan jokatuko dute Kanpanzar ART-ekoek Mojategin

Igor Isasiren mutilek Bilboko Universitario taldearen aurka jokatuko dute zapatuan, 16:00etan, Mojategin. Aurkari gogorra da bilbotarra, baina hurrengo hiru partidu garrantzitsuak prestatzeko balio behar die partidua Arrasateko errugbilariei.

Denboraldi hasieran egutegia ikusi zutenean, lehen jardunaldiak Kanpanzar-ART errugbi taldearentzat oso gogorrak izango zirela barneratu zuten Igor Isasiren mutilek. Lehen mailako talde indartsuenen aurka jokatzea egokitu zaie, eta horri, min hartutako jokalarien zerrenda luzea gehitu behar zaio. Horren guztiorren adibide gordinena azken jardunaldian gertatu zitzaiena da: Ordizian, zortzi jokalari erabilgarrirekin bakarrik gelditu zen Kanpanzar ART atsedenaldian, eta epaileak bertan behera utzi zuen partidua, 31-5 emaitzarekin.

Orain arte jokatutako partiduetatik, irabazteko moduko bakarrenetakoa Gernikaren aurkakoa izan zen. Igor Isasirenek oso neurketa txukuna jokatu zuten, batez ere, hasierako minutuetan, baina, orduan ere, min hartutakoek eragina izan zuten eta galdu egin zuten.

Bilboko Universitario, bihar

Sailkapenean bi talde besterik ez dute atzetik arrasatearrek eta aste honetako aurkaria ez da egoerari buelta emateko aproposena; izan ere, Bilboko Universitario, hasiera batean, denboraldi amaieran goiko postuetan amaitzeko hautagaietako bat da.

Hori horrela, aurrera begira jartzea dagokie Isasiren mutilei. Bilbokoen aurka bonusen bat lortzen saiatu –irabazten bada askoz hobeto, noski– eta neurketa, min hartutako jokalaririk izan gabe, hurrengo partiduak prestatzeko erabili. Izan ere, Gabonak bitartean etorriko zaie arrasatearrei euren ligako taldeen kontra aritzeko momentua eta sailkapenean lasaitasun apur bat hartzeko aukera. Getxo, Menditarrak eta Bera-Bera izango dira hurrengo aurkariak. Horien kontra behar dituzten puntuak batuta, liga beste modu batera ikusiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak