Gabonak gerturatzen ari diren honetan, herriko merkatarien elkarteak ekintza zaparrada interesgarria prestatu du.
Hasteko, kultura egitarau bat antolatu dute azarorako, ipuin kontaketekin eta kontzertuekin. Hala, zapatuan, Kontukabi ipuin kontalaria Herriko Plazan arituko da, 12:00etan. Ostean, 19:00etan, What A Band bergararrek kontzertua egingo dute, leku berean. Hilaren 23an, Sara Alonso abeslariak emanaldia egingo du, 19:00etan, Herriko Plazan. Eta hilaren 24an, zapatua, Arrasateko Musikaleko Big Banda herriko kaleetan zehar arituko da, 11:30etik aurrera.
Baina kultur arloko ekarpena ez da hor amaituko; izan ere, Arrasate txartelaren erabiltzaileek beste kultur emankizun batzuetara joateko aukerak izango dituzte.
Hasteko, Luisa Fernanda zarzuelarako zortzi sarrera bikoitz zozketatuko dituzte. Herriko Plazan emango dute irabazleen berri, hilak 17, zapatua, 13:15ean. Ostean, Doke antzerki taldeak abenduaren 2an egingo duen Hamaika Amaren Seme (Alaba) antzezpenerako 25 sarrera bikoitz ere banatuko dituzte.
Hori gutxi ez, eta Valven Producciones-en Erlauntza antzerkirako 25 sarrera bikoitz eta Amaia Antzokian zinema ikusteko 50 sarrera bikoitz ere zozketatuko dituzte.
24.000 euro erosketa-txarteletan
Aipatutako guztiaz gain, hilaren 15etik 30era herriko dendetan erosketak egiten dituztenen artean –Arrasate txartelarekin, edo txartelik gabe– 24.000 euro banatuko dituzte erosketa-txarteletan.
5 eurokoak edo 10ekoak izango dira, eta abenduaren 1etik 15era bitartean egiten dtuzten hurrengo erosketan aplikatu ahalko dira. Ibai-Arteko ekintzetan parte hartzeko, deitu 943 79 30 90 telefonora.