Iazkoarekin alderatuta %3,68ko igoera izango duen Udal Aurrekontua proposatu du gaur Udal Gobernuak 2019rako, 33.425.000 eurokoa. Aipatu behar da, urtero legez, zifra horren %70 baino gehiago pertsonal gastuetara eta zerbitzuen mantentzera bideratzen dela. 2019rako hainbat berritasun zerrendatu dituzte, sailez sail antolatuta.
Hirigintza
Ondorengo diru partidak nabarmendu dituzte:
- Araba etorbidea berriro urbanizatzeko: 200.000 euro
- Gipuzkoa etorbideko espaloiak konpontzeko: 100.000 euro
- Santa Teresa eta Agerre kaleetako ezponda konpontzeko: 200.000 euro
- Asfaltatze-planerako: 200.000
- Udala Goikoa urbanizatzeko: 22.000 euro
- Hondarribia kalea urbanizatzeko: 48.000 euro
Araba etorbidea urbanizatzeko proiektua aurreko legealditik dago eginda, eta hori exekutatzea da gobernuaren asmoa. Espaloi gainean dauden aparkalekuak kentzea aurreikusten du, eta bidegorria txertatzea ere hartzen du barne.
Finantza egoera
Urtarrilean Udalak duen zorraren azken kuota ordainduko dute, eta momentu horretan zero zor egoeran geratuko da Arrasateko Udala. "Bilbo eta Hondarribia dira egoera horretan daude bakarrak, eta laster gu ere bai. Etorkizuneko inbertsio garrantzitsuak egiteko, posizio egokian utziko ditugu Udala" azaldu du Ogasun Batzordeburu den Ander Garayk.
Kultura arloko bi inbertsio garrantzitsuenei dagokionez, bi partida aurreikusten dituzte 2019rako: 1.080.000 euro Juan Arzamendiko lanak egiteko –%100ean finantzatuta geratuko litzateke–, eta 500.000 euro Kulturolarentzako –%70ean finantzatuta geratuko litzateke–.
Aurrekontu orokorra:
Ondorengo partidak nabarmendu dituzte:
- Jolas parkeentzako: 125.000 euro
- Aurrekontu parte hartzaileentzako: 250.000 euro
Jolas parkeei dagokionez, nabarmendu dute, Santa Barbaran, ahateak egoten ziren putzuan, ur parkea egingo dutela, eta lan horietarako diru-partida 125.000 euro horien baitan izango dela.
Berdintasun Saila
Iazkoarekin alderatuta sail hau da igoera handiena izango duena. Guztira 412.800 euro izango ditu; iaz baino %28,83 gehiago. Ekintzetarako 100.000 euro izango ditu, iaz bezala, baina bertako ekintza batzuek partida propioak izango dituzte aurten, eta horrek eragiten du aurrekontua handitzea. Horietako bat da, adibidez, biolentzia matxista prebenitzeko ikasleekin egiten den lanketa. Iaz, DBH 3. eta 4. mailako ikasleekin burutu zen, eta aurten DBHko lau mailetako ikasleek egingo dute.
Emendakinak
Oposiziorekin negoziatzeko borondatea dutela adierazi du Ander Garayk. Azaroaren 5ean aurkeztu zioten euren proposamena oposizioko alderdiei, eta orain emendakinak aurkezteko epea izango dute. Abenduaren 11n egingo den osoko bilkuran botatuko dituzte 2019rako Udal Aurrekontuak.
[Aurrerago osatuko dugu albistea].