Droga trafikoa egotzita, 42 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Arrasaten

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko aza. 8a, 11:44

Arrasateko Santa Marina auzoa (Irudia: Google maps)

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezustean harrapatu zuten atxilotua atzo arratsaldean, esku artean haxix eta speed drogak zituela. Ertzainek hainbat hilabetez jarraitu dute gizonezkoa, eta horri esker jakin zuten Santa Marina auzoko lokal batean egiten zituela ustezko droga salmentak, aurrez bezeroekin bertan geldituta. Gaur Bergarako epaitegiaren esku gelditu da atxilotua.

42 urteko gizonezkoa hainbat orduz egoten zen lokalean Ertzaintzaren hitzetan, eta bertatik "adin ezberdinetako pertsona asko pasatzen zirela baieztatu zen, zeintzuk lokalean sartu eta gutxira irten egiten ziren".

Atxiloketa

Ertzaintzak zehaztu duenez, eguaztenean 13:30eak inguruan heldu zen atxilotua, lehenengo garaje batean sartu zen eta ostean aipatutako lokalean. Hura iritsi eta denbora gutxira pertsona ezberdinak bertan sartzen hasi zirela ikusita, ertzainek lokalean sartzea erabaki zuten. Une hartan, ustezko droga saltzaileak "dirua zeukan esku artean eta balantza bat butaka batean gordetzen saiatu zen. Bere gauzen artean, gerriko poltsan kolore marroiko substantzia zapaldu baten bi zati aurkitu zitzaizkion, haxixa, guztira 60 gramotik gora; beste poltsa bat kolore zuriko hauts baten 20 gramorekin, eta baita beste 13 poltsatxo substantzia berdinarekin, itxuraz speeda; horrekin batera 400 euro zituen".

Horretaz gain, Ertzaintzak atxilotua aurrez sartu zen garajea ere sakon aztertu zuten. Bertan, hozkailu batean 80 gramo speed ere aurkitu zuten. Bestalde, lokalean ustez drogak erostera sartu ziren pertsonak ere identifikatu egin zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak