Isaias Carrascori Udalak egin nahi dion omenaldiarekin lotuta bi albiste agertu dira prentsan. Horietako lehenean – urriaren 24an Diario Vasco egunkarian agertu zena– azaroaren 10ean Arrasateko Udalak Carrasco omenduko zuela baieztatzen zen. Bigarrena, aldiz, pasa den urriaren 31koa da, eta bertan Udal iturriek esan zuten omenaldia ez dela azaroaren 10ean egingo. Horrez gain, adierazi zuten alderdi guztiekin gaiaren inguruko lanketa egiten ari zirela. Hala, lanketa horren berri emateko, eta omenaldirako data zehazteko aste honetan prentsa agerraldi bat egingo zela aurreratu zuten, non "alderdi guztiek" parte hartuko zuten.
Albiste hori agertu eta gutxira, EH Bildutik adierazi zuten oraindik ez zela ziurra prentsaurreko horretan "alderdi guztiak" egongo zirenik, eta zuzenketa hori egin ostean atera dute gaiarekin lotutako prentsa oharra, non amaieran azpimarratzen duten Arrasateko EH Bilduk "borondate osoa" duela "hitz egiteko, akordiotara heltzeko eta Arrasatek merezi duen gatazkaren ikuspegi integralean urratsak emateko".
Hona hemen, Arrasateko EH Bilduren oharra, bere osotasunean:
"Arrasateko EH BILDUk garrantzia handia ematen die memoria eta bizikidetza gaiei. Hori dela eta, Euskal Herrian egon diren motibazio politikoko indarkerien biktimen gaia oso serio hartzen du. Baieztatzen dugu beraz, hitz egiten ari garela beste alderdi politiko batzuekin ikuspegi ahalik eta integralena izango duen planteamendu instituzional bat adosteko biktimen errekonozimenduen alorrean. Kontua ez da ekitaldi baten inguruan posizionatzea, osotasun baten inguruko oinarrizko adostasuna lortzea baizik.
Hau hala izanik, publikoki salatu nahi dugu PSOE eta PNVren maila baxuko portaera, beste alderdiekiko eta baita elkarrizketa horretako partaide guztiekin adierazi duten errespeto falta. Eskatzen diegu amai dezatela prentsa filtrazioen bidea, ez baita ona elkarrizketan aritzeko. Horrekin bilatu nahi dutena da elkarrizketa bera baldintzatzea. Hori onartezina da guretzat; Arrasateko EH BILDUk borondate osoa baitu hitz egiteko, akordiotara heltzeko eta Arrasatek merezi duen gatazkaren ikuspegi integralean urratsak emateko".