Bigarrenez egingo dute Luisa Fernanda: "2004an ere egin genuen eta nik oroitzapen benetan polita dut. Egin dugun ederrenetakoa dela esango nuke, ez bakarrik istorioagatik baita musikagatik ere; hortaz, berreskuratu beharra zegoen", adierazi du Tere Gonzalezek, zuzendariak. Hemeretzigarren mendeko istorioa jasotzen du obrak, amodio eta politika kontuak nahastuko dituen komedia da hain zuzen. "Denetik duen obra da, baina nik kontatzea baino hobe zarzuelarekin gozatzera baldin badatoz ikusleak", gaineratu du.
Orain dela hemeretzi urte hasitako gogo berberarekin jarraitzen dute lanean. "Ilusioa berbera da eta lanerako gogoa ere bai. Eta hori gero ikusi egiten da antzezlanean", dio. Izan ere, kantuan egiteaz gain dekoratuak eta jantziak ere eurek gertatzen dituzte: "Noizbait pentsatu izan dut uztea, baina publiko benetan leiala dugu, eta horrek hor jarraitzen duen bitartean geuk ere jarraitu egingo dugu".
Sarrerak salgai
Azaroaren 17an, 18an, 23an eta 24an eskainiko dute Luisa Fernanda. Emanaldiak 19:30ean izango dira, hilaren 23koa izan ezik –20:00etan–. Sarrerak Arrasate.eus atarian daude salgai; Kutxabank.es atarian; eta, baita leihatilan ere. 19 eurotan daude salgai sarrerak, eta egon badaudela argitu gura izan du Gonzalezek: "Urtero entzuten da ez dagoela sarrerarik, baina oraindik badaude, 200 inguru emanaldi bakoitzerako. Hortaz, animatu eta etorri zarzuela ezagutzera, asko harritu egingo direlako".