Punkak bizirik jarraitzen duela erakutsi dute beste behin RIPeko lagunek

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko urr. 28a, 15:37

Bi urtean behin egiten dituzten kontzertuak egin zituzten atzo, zapatua, gaztetxean eta lau talde igo ziren oholtza gainera Gora RIP eta RIPtarrak! jaialdian. Publikoan, berriz, askotariko adinetako jendea izan zen; gazteak eta baita RIPeko garaiko jendea ere. Antolatzaileak gustura gelditu dira aurtengoarekin.

RIPeko kideak eta bidean galdutako garaiko lagunak gogoratu eta bizirik daudela lagun artean ospatzeko kontzertua antolatu ohi dute bi urtean behin Arrasaten, eta antolatzaileek diote aurtengoa ere arrakastatsua izan dela.

Lau talde oholtzan

Gora RIP eta RIPtarrak! jaialdia hasteko, Portugaleteko Desorden taldea izan zen gaztetxeko taula gainera igotzen lehena. Bi neskaz eta bi mutilez osatutako taldea eguneko "sorpresa" izan zela adierazi du antolatzaile taldeko Iker Barandiaranek. "Talde oso gaztea da, disko bakarra daukate eta punk rock klasikoa egiten dute, euskaraz", azaldu du. Gaineratu du frontwoman "ikaragarria" daukatela eta bukaeran bertsioak ere egin zituzten. "Hunkigarria" izan zela esan du Barandiaranek.

Kataluniako Batec taldekoen txanda izan zen gero. Cicatrius de guerra disko berria aurkeztu zuten, euren hirugarrena. Punk rock melodikoa egiten dute, Social Distortion taldea gogoratuz. Bertako gitarra-jolea gainera, Larga vida RIP izeneko liburuaren egileetako bat da; hiru astetan liburuaren 2.000 kopia saldu dituzte eta bigarren edizioa martxan da. Never Surrender taldeko Pottokok ere hartu zuen parte Kataluniakoen kontzertuan.

Piztu Punk taldea izan zen taula gainera igotzen hirugarrena. Gasteizko taldea da, bana Txerra Bolinaga, RIPeko bateria-jolea ere bertako kide da, baita Señor No taldeko Xabi ere. Orain arte bertsioak egin izan dituzte, Comic Phycos taldearenak, adibidez. Emanaldian, RIP-eko bertsio batzuk ere egin zituzten, esaterako, eta euren euskarazko abesti batzuk ere jo zituzten.

Zuzenekoa eskaintzen azkenengo taldea Arrasateko musikari beteranoek osatutako TxeRIPkumeak taldea izan zen; Never Surrender, Deskontrol, eta Arkada Social taldetako hainbat musikarik osatzen dute taldea Txerra Bolinagarekin batera. RIPen bertsioak egin zituzten, baita Cirrosis edota Puñetazo taldeenak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak