Bederatzigarrenez, bihar, zapatua, txistuaren festa

Aitor Agiriano 2018ko urr. 26a, 17:14
Iaz Eskoriatzan egin zuten Debagoieneko txistularien Eguna.

Debagoieneko taldeetako kideez gainera, Soraluzeko eta Arabako hainbat herritako txistulariak eta danbolin-joleak batuko dira Aretxabaletan; eguna hasteko, kalejira, eta askotariko kantuekin osatutako alardea eskainiko dute eguerdian, Herriko Plazan.

Orain dela urte asko, Haur Dantzarien Egunean eta bestelako jaietan edo ekitaldietan egiten zuten topo Debagoieneko txistulariek, eta elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko beharra zutela konturatu ziren; hori horrela, jakintza elkarbanatu eta txistularien mundua herritarrei zabaltzeko asmoz lanean jarri eta jaieguna antolatu eta ospatzeari ekin zioten.

Jaialdi ibiltaria

Eskoriatzari lekukoa hartuta egingo dute biharkoa, Aretxabaletan. Berrogei txistulari elkartuko dira, denera, festa eguna ospatzeko: Eskoriatzatik sei lagun, Arrasatetik hamabi eta Oñatitik eta Soraluzetik txistulari bana gerturatuko dira anfitrioiekin bat egiteko. Ez dira, baina, denak debagoiendarrak izango. "Orain dela hiru, urte elkartrukea hasi genuen, besteak beste, Murgiako eta Abetxukoekin, eta, oraingoan ere, Arabatik zortzi gonbidatu izango ditugu", azaldu du Aretxabaletako taldeko Jokin Antxiak.

Egitarauari hasiera eman aurretik, goizeko bederatzietan batuko dira parte-hartzaile guztiak, entsegua egin eta azken prestaketak burutzeko.

10:30ean emango diote egitarauari hasiera, dianarekin. Txistu eta danbolin doinuekin kaleak girotu eta herria zeharkatu ondoren, 13:00etan, hamaika kantu ezberdinez osatutako alardea egingo dute guztiek elkarrekin Herriko Plazan. “Ahalegin berezia egin dugu, aurten, eskainiko ditugun kantuak estilo ezberdinetako piezak izan daitezen. Talde bakoitzak bere kontura landu ditu aurrez”, dio antolatzaile taldeko Antxiak.

Emanaldia osatuko duten kantuen artean, Oñatin jaio eta Aretxabaletan bizi eta musika arloan lan handia egin zuen Demetrio Iriarte musikariak konposatutako Uratz-Alde, Eraña tar Ramon eta Zorionak izango dira entzungai. "Horiez gainera, La gran evasión filmeko martxa ere eskainiko dute; kasu horretan, tronpeta-jole bat eta bonbardino-jole bat izango dituzte lagun. Emanaldia borobiltzeko, Don Martin pasodoblea, Lexearena habanera, Txurkoene balsa eta dagoeneko erretiratuta dagoen Oskorri taldearen kantu ezagunak izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak