Monterrongo ideia lehiaketak badu garailea

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 26a, 12:38

Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia eta Bihurgune 1545 proiektuari eman dio lehen postua epaimahaiak, herritarren botoak eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta, besteak beste. Ideia lehiaketa izan denez, diseinuan aldaketak egin ahal izango dituzte etorkizuneko udal gobernuek.

Monterron parkea herrira gehiago zabaltzeko asmoz, ideia lehiaketa abiatu zuen Udal Gobernuak 2017ko abenduan. 2018ko ekainean, lehiaketan parte hartu zuten enpresen artean hamaika diseinu aukeratu zituztela jakinarazi zuen Udal Gobernuak. Ostean, erakusketa jarri zuten ikusgai, uztailaren 3tik irailaren 14ra bitartean, non, diseinuak ikusteaz gain, herritarrek euren aukera gustukoenaren aldeko botoa ere eman zezaketen.

Irabazlea, aukeratuta

Arrasateko Udaleko osoko bilkura aretoan egin zuten atzo sari banaketa ekitaldia, epaimahaiko kideekin, ordezkari politikoekin, eta parte hartzaileekin.  

Lehiaketako epaimahaia hauek osatu dute: Udaleko Hirigintza Saileko arduradunak, Mondragon Unibertsitateko ordezkari batek, EHUko ordezkari batek, Paisajisten Elkarteko ordezkari batek, Arkitektoen Eskolako ordezkari batek eta Ingeniarien Eskolako ordezkari batek. Irabazlea aukeratzeko orduan honako irizpide hauek hartu dituzte kontuan: herritarren botoak, proiektuaren bideragarritasun ekonomiko-teknikoa, inguruarekin bat egiteko duen gaitasuna, irisgarritasun maila eta parkearen egungo erabilerekin duen bateragarritasuna.

'Bihurgune 1545' izan da diseinu saritua.

Hala, lehen saria Victor Vazquezek eta Idurre Garciak diseinatutako Bihurgune 1545 proiektuak irabazi du, eta horren truke 10.000 euroko diru-saria jasoko dute; bigarren saria, eta horri dagokion 5.000 euroko saria, Alexander Michbronnen Parentesis 0132 lanarentzako izan da; hirugarrena, Pezestudio SCren Berdetuz 2018 diseinuarentzako; laugarrena, Edurne Oyangurenen eta Maria Ricasen Pasear 0227 lanarentzako; eta bosgarrena, Maria Celinaren Ibilbidea 2018 proiektuarentzako. Azken hiru finalistek 1.000 euroko saria jasoko dute.

342 herritarren botoak

Erakusketak iraun duen bitartean, 300 lagunek baino gehiagok eman dute botoa. Herritarren rankingean, Ibilbidea 2018 izan da botatuena, bigarrena Bihurgune 1545 eta hirugarrena Lurruna 1247. Horri lotuta, Arrasateko Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei, euren boto eta ekarpenen bitartez "prozesuan inplikatzeagatik eta parte hartu izanagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak