Kobazulotik irten da Numen, akelarrea egiteko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urr. 26a, 11:30
Argazkia: Oihana Raven.

Arrasateko Numen musika taldekoak bueltan dira berriro ere. Bost urteko geldialdiaren ondoren Azpeitin jo dute arrasatearrek. Black metal doinuak egiten dituen taldeak, gainera, disko berria grabatu berri du.

Geldialdi luze baten ondoren, Numen taldeko kideak oholtzara igo dira berriro ere; hain zuzen, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin zuten akelarrea Extinction eta Necros Christos taldeekin. "Bost urte luze pasa dira azkenekoz Euskal Herrian jo genuenetik", azaldu du Numen taldeko Jabok.

Beste talde batzuekin lanean

Denbora tarte honetan geldi ez direla egon azaldu du Jabok: "Diskoa prestatzen ibili gara. Gertatzen dena da beste talde batzuekin ere jotzen dugula eta ezin garela egon %100ean proiektu honetan. Hala, luzatu egin da disko berriaren prestaketa". Iaz, Zaragozako jaialdi batean jotzeko eskatu zieten eta hara joan ziren; aurten, aldiz, Azpeitiko aukera ez dute alferrik galdu: "Azkeneko momentura arte, dudan izan ginen; izan ere, Xabi gitarra jolea lesionatu egin zen eta zalantzan izan ginen bakarrarekin joan edo ez. Azkenean, jotzea erabaki genuen. Kontzertu polita izan zen: areto handia da, eta jende asko elkartu zen".

Disko berria prest dute

Zortzi abestiz osatutako lana egin dute; horietatik zazpi abestiak izango dira eta beste bat lan instrumentala

Irailean bukatu zituzten disko berriko grabaketa lanak. "Diskoa grabatuta dugu, baina, oraindik, ez dugu diskoetxerik; hortaz, hainbat detaile erabaki barik ditugu oraindik", azaldu du Numen taldeko gitarra joleak. Zortzi abestiz osatutako lana egin dute; horietatik zazpi abestiak izango dira eta beste bat lan instrumentala. Hainbat estudiotan ibili dira grabaketa lanak egiten: Aretxabaletako Aurym Studios-en baxua eta ahotsak grabatu dituzte; Eibarko Legarre Studios-en bateriak eta abesti instrumentala; Arrasateko Basoak Studios-en gitarrak, teklatuak eta sanplerrak; eta nahasketak eta masterizazioa Ekaitz Garmendiak egin ditu Karrantzako Black Storm Studios -en. Goi Music diskoetxearekin argitaratu izan dituzte diskoak; Numen diskoaren bigarren edizioa Ladlo Productions etxearekin egin zuten.

Etxean jotzeko gogoz

Disko berria argitaratzeko gogoz daudela dio Jabok, eta gustura joko luketela Arrasaten: "Azkeneko aldiz 2003an jo genuen". Ondoren, bateria jole barik geratu ziren; eta, SAko Alfred Berengena hartu zuten zuzeneko kontzertuetarako. Orain, taldea osatu dute eta bateria jole bat hartu dute, Eihar eibartarra. Taldea osatzen duten gainerako kideak dira: Aritz, ahotsa; Jabo, gitarra; Xabi, gitarra; Lander, baxua; Eöl, teklatua eta intziriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak