Denboraldiko lehen garaipena lortu ezinka dabil Ford Mugarri: 26-33

Mireia Bikuña 2018ko urr. 20a, 20:12

Laugarren jardunaldian Sopelanako Ugeraga taldearen kontra galdu du, Iturripen. Partiduko minuturik gehienetan markagailuan atzetik egon bada ere, bukaerarako 14 minutu geratzen zirenenean, lehen aldiz ipini da aurretik, 23-22. Baina, ezinezkoa izan da partidua irabaztea.

Jokalari gazte askorekin, iaz maila bat beherago jokatu zutenekin, hasi du denboraldia Arrasateko taldeak. Gaztetasun horrek, oraingoz ez dio emaitzarik eman. Akaso esperientzia falta horrek eragin zuzena izan du Ugeragaren kontrako azken ordu laurdenean.

Patxi Gartziaren mutilek zailena egin dute: lehia berdindu, eta aurretik ipintzea. Bigarren zatiko 15. minutua zen, eta 23-22 ipini dira aurretik. Eta, lehiari buelta emateko gai izango zirela zirudienean, indarrak bukatu zaizkie. Bizkaitarrek kontraerasoak baliatu dituzte berriro ere markagailuan aurretik ipintzeko.

23-26 aurreratu dira. Orduan, Ford Mugarriren entrenatzaileak, zazpi jokalarirekin antolatu du erasoa. Atezain barik, alegia. Baina, emaitza ez da esperotakoa izan. Erasoan ez dute jokaldi garbirik egin etxekoek, eta Ugeragak kontraerasoan jokatzen jarraitu du.

Azken bost minutuetan, bi taldeak atzera-aurreraka ibili dira. Jokaldi azkarrak egiten, baina, Ugeragak bakarrik atera dio etekina joko mota horri.

Partidurik irabazi barik

Honenbestez, Ford Mugarrik, orain arte jokatutako lau partiduak galdu ditu, Corazonistasen, Urdanetaren, Deusto Loiolaren eta Ugeragaren kontra.

Hurrengo jardunaldia Iturripen jokatuko du berriro, Zarautzen kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak