Iluntz tabernan, sarrailak apurtu ostean lortu dute barrura sartzea. "Tabako makinako, makina txanpon-jaleko eta kutxa erregistratzaileko dirua eramatea lortu dute. Aspalditik zeramaten gurera sartu gabe, baina gaurkoan lortu egin dute" azaldu du tabernako arduradun batek.
Adur Hortz Klinikan ere sartu dira, eta dirua ostea lortu dute. "Ostikada batekin lortu dute atea zabaltzea. Dirua eraman dute, eta orain ikertzen ari gara ea beste zerbait eramatea lortu duten" azaldu du Hortz Klinikako arduradun batek.
Buenuenan hirugarren lapurreta jasan dute denbora gutxian, eta hiru asteko epean bigarrena. Lehena uztailaren 19an izan zen, bigarrena irailaren 25ean, eta hirugarrena bart. Azken honetan larrialdietako sarrerako atea apurtuz lortu dute barrura sartzea, eta kaxako eta makinetako dirua eraman dute.
Lapurreta saiakera Erreka jatetxean
Zerrajera auzoko jatetxean ere egin dute lapurreta saiakera bart. "Lokalaren atzealdean bi ate daude. Bata jatetxera sartzeko da, eta bestea aldiz, Euskaltelena. Bada Euskalteleko atea txikitu egin dute, eta gure susmoa da jatetxera sartzeko asmoz apurtu dutela" azaldu du jatetxeko arduradun batek.
Hoba tabernan –lehengo Ekaitz– lapurtzen ahalegindu direnaren zurrumurrua ere hedatu da, baina bertako arduradunak ezeztatu egin du bertara sartzen ahalegindu direnik.
Bi atxilotu aurreko astean
Ertzaintzak konfirmatu duenez urriaren 5ean bi lagun atxilotu zituen, Arrasate tabernan urriaren 3an egindako lapurreta batekin lotuta. Epailearen esku utzi zituzten, eta honek karguekin aske uztea erabaki zuen.