Amaia Antzokia operarik gabe geldituko da aurten

Jokin Etxebarria 2018ko urr. 17a, 12:46
Carmen opera Arrasaten 2012an

Ozenki elkartea kexu azaldu zen pasa den astean, Arrasateko Udaleko Kultura sailaren erabakiz, aurten ezingo delako La Flauta Magica opera eskaini, Zarzuela ez kaltetzeko. Udalak dio bi ekimenen alde dagoela eta ezezkoa 3 arrazoirekin lotzen du.

Orain astebete, kexa gutuna bidali zuten Ozenki Elkartetik Goiena Aldizkarira, aste honetan  eman nahi zuten La flauta magica opera ikuskizuna  ezingo zutela eskaini esanez. Elkarteak dioenez, sarrera eskaera eta kontsulta asko jasotzen ibili dira azken egunetan eta atsekabeturik, aurten operarik ez dela egongo erantzun behar izan dute.  

Kexa, opera ezin taularatzearen arrazoia Udaleko kultura sailaren erabaki batetik datorrelako egin dute. Departamentuaren esanetan, zarzuelen emanaldiak baino bi hilabete lehenagoko tartean izaera lirikoa duen beste saio bat egiteak zarzuelara joaten den jende kopurua kaltetu dezake.

Ezezkoa emateko 3 arrazoi

Udalarekin harremanetan jarrita, argi utzi nahi izan du bi ekimenen alde dagoela, eta herrian zenbat eta ekimen gehiago sortu hobe dela. Eta Ozenki taldeari ezetza zergatik eman duen azaltzeko 2018ko martxoaren 27an hartutako erabakia igorri digu. Bertan azaltzen du Ozenki elkarteak urriaren 17 eta 18rako, opera emanaldia eskaintzeko, Amaia Antzokiaren erabilera eskaerari ezezkoa eman beharrean daudela eta horretarako hiru arrazoi nagusi eskaintzen ditu.

Lehena: Udaletxeak, Izaskun Murgia elkarte lirikoak duela 10 urtetik azaroan eskaintzen dituen zarzuela emanaldiak sustatu eta bultzatu nahi dituela, elkartea Arrasatekoa delako eta arrasatearrek osatua.

Bigarrena: uste duela zarzuelen emanaldiak baino bi hilabete lehenagoko denbora tartean izaera lirikoa duen beste ekimen bat taularatzeak zarzuelara doan publiko kopuruan okerrerako eragina izan dezakeela. Urtea luzea dela, eta bi ekimenak uztargarri izanik, beste data batean jartzeko aukera ematen duela.

Hirugarrena: Ozenki taldeak urriaren 17 eta 18rako Amaia Antzokia erabiltzeko eginiko eskaeraren aurretik, beste eskaera bat egina zegoela urriaren 19rako (Korrontzi eta Oinkari taldeen emankizuna) eta kontutan hartuta behar diren muntaia eta desmuntatze lanak, bi emanaldiak ez direla uztargarriak.

Zarzuelakoen iritzirik ez

Ezinbestean bere burua polemikaren barruan murgilduta ikusi duen hirugarren zutabea da Izaskun Murgia lirika elkartea. Beraiekin harremanetan jarri gara, baina iritzirik ez dutela plazaratu nahi azaldu digute.

Kontuak kontu eta arrazoiak arrazoi, operarik ez da egongo aurten eta polemika piztuta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak