Kostata baina ezinbesteko garaipena lortu du Arrasateko taldeak etxean, Lezoko Allerru taldearen aurka (2-0). UDAren aurkako derbian puntu bakarra lortu zuten zuri-moreek eta pasa den jardunaldian, porrot gogorra jaso zuten Anaitasunaren aurka. Horrela, hiru puntuak oso garrantzitsuak ziren gaurkoan, Mojategin.
Lehenengo zatian, erdigunean gogor borrokatu dute bi taldeek, eta baloiaren jabetza eta kontrola ia ezin izan du mantendu Arrasateko taldeak. Allerruk, gainera, erasoan jokaldi onak egin ditu, eta defentsan sendo aritu behar izan da Mondra. 28. minutuan Allerru taldeko Urtzi Arrutik gola egiteko aukera paregabea izan du, baina baloia langa gainetik kanpora bidali du, atea hutsik zuelarik. Zuri-moreek ere aukera polita izan dute korner baten ondoren, baina Lezoko taldeko atezainak baloia ederki desbideratu du kornerrera. Lehenengo zatiko azken aukera argia Allerruk izan du korner baten baloia zuzenean zutoinera jaurti ostean.
Bigarren zatian Mondrak erritmoa bizitu egin du, eta aldaketen ostean, freskotasuna ere nabaritu da berdegunean. Horrela, bi taldeek aukera onak izan dituzte erasoan, baina markagailuan etxekoek hartu dute aurrea, 78. minutuan, penalti baten ondorioz. Iker Sanchezek ez du hutsik egin hamaika metroetatik, eta 1-0ekoa jarri du Mojategiko markagailuan.
Abantailarekin Mondrak bigarrena eskuratzeko abagune argiak izan ditu, eta bigarren gol hori neurketako azken minutuan heldu da, ezkerkada ikusgarri batekin. Danel Hernandezek areaz kanpotik jaurti du eta baloia txokotik sareetara bidali du, atezaina bikain gaindituta.