Maileguan hartzetik, norbere uzta batzera

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 11a, 13:02
Argazkia: Polikarpo

Jauzi hori egin dute The Potes taldeko lagunek; gustuko taldeen bertsioak jotzetik, euren abesti propioak konposatzera. Lehen diskoa labetik ateratzeko gertu daukate, eta eurentzat berezia den leku batean aurkeztuko dute urriaren 19an: Bergarako gaztetxean. 

Musika taldeak kasualitatez sortzen dira askotan, eta hori da The Potes taldeari gertatu zitzaiona. 2012ko Gabonetan DAT tabernan The Pogues omentzeko kontzertu bat egiteko batu ziren, eta ekitaldi solte hartatik gaur egunera arteko ibilbidea egin dute. Sei urteko ibilbide horretan, taldekide aldaketa asko izan dira, eta gaur egun hau da zazpikotea: Peru Altube –bateria–, Igor Sala –akordeoia–, Beñat Abasolo –banjoa–, Asier Sala –gitarra elektrikoa, Julen Zabaleta –gitarra akustikoa–, Ibai Lakunza –baxua– eta Josu Romeo –gitarra akustikoa eta ahotsa–.

Baina taldean joan-etorriak egon diren arren, jarraitzaileei dagokienez aldaketa gutxi izan dituzte, fidel askoak izan baitira beti. Oholtza azpikoek eta taula gainekoek "familia indartsua" osatzen dutela azaldu du Peru Altubek. "Beti esan dugu familia bat garela, baina argi eta garbi ikusi genuen hori Jul Bolinagaren ezbeharrean. Horren adibide da Julenena; zale izatetik taldekide izatera pasa da".

Bergarako gaztetxean aurkeztuko dute diskoa –urriaren 19an–, eta zera dio Romeok leku hori aukeratzeari buruz: "Egun oso latza izan arren, Bergarako jendea primeran portatu zen. Gaztetxearekin eta gaztetxekoekin zor bat genuela uste genuen, eta taldekideoi arantza bat kentzeko balioko digu".

Hamabi berri, eta bi zahar

Azken urte eta erdian aritu dira euren lehen laneko abestiei forma emateko prozesuan. "Antolakuntza aldetik nahiko kaotikoak izan gara beti; bi hilabete pasa ditzakegu lokaletik atera gabe, eta ostean hilabetez agertu gabe. Beraz, horregatik luzatu da hainbeste konposatzeko prozesua" azaldu du Romeok.

Hamabi abesti berri izango ditu, eta baita taldearen errepertorioan aspalditik zeuden beste bi ere bai: La sombra del banjo eta Harro nago. Hitzei dagokienez, askotariko gaiak izango ditu diskoak. "Denetarik dago; gure bizitzako pasarteak, gure kontraesanak, bromak eta umorea, berdintasuna, preso baten istorioa... gu inguratzen gaituzten gaiak dira denak", azaldu du Altube bateria-joleak. Abesti guztiak eurek idatzi dituzte talde lanean, baina badago Maria Osesek idatzitako pieza bat ere.

Musikalki estilo berriak barneratzen joan direla nabarituko da diskoan. "Lehen, The Potes mundu guztiak entzuteko modukoa zen, baina hori jada amaitu da. Bertsio folklorikoekin hasi ginen, baina, pixkana, estiloa gogortzen joan ginen, Dropkick Murphys eta halako taldeen antzera. Baina benetako aldaketa konposatzen hasi ginenean etorri zen. Zazpi gara, eta estilo desberdinak gustatzen zaizkigu. Beraz, entsalada misto bat osatu dugu: folklorearekin, power poparekin eta rock-and-rollarekin".

Diskoa 10 eurotan jarriko dute salgai Taupa eta Irati tabernetan, eta Durango Azokan ere izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak