Hasieran ahalegin handia egin du etxeko taldeak eta aurretik hasi dute norgehiagoka. Laster etorri da, ordea, Gernikakoen entsegua eta ordutik aurrera bizkaitarrak joan dira aurretik. Amaieran, beste ahalegin bat egin dute arrasatearrek, baina ez da nahikoa izan garaipena eskuratzeko.
Arrasatekoek bi puntu lortu dituzte gaurkoan; bata egindako defentsagatik eta bestea lau entsegu egiteagatik.
"Talde polita etorri gara eta garrantzitsua zen irabaztea, baina ezin izan da. Gutxienez ez ditugu gauzak erraz jarri", adierazi du norgehiagoka amaieran Aitor Lezamiz Bolinaga jokalariak. "Denboraldiko bigarren partida genuen eta lehenengoan talde indartsua izan genuen aurrez aurre. Orain talde indartsu gehiago datoz eta irabazteko partidua zen honakoa".
Partiduz partidu joango direla adierazi du Bolinagak. "Taldea ondo dago, baina hiruzpalau jokalari gehiagorekin hobeto ibiliko ginen. Pare bat lesionatu baditugu eta ea lehenbailehen itzultzen dira", esan du. "Bigarren denboraldia dugu maila honetan eta talde indartsu asko daude. Gehiago indartu dira batzuk, gainera. Guk izan ditugu bi sarrera berri, baina orokorrean betiko taldearekin jarraitzen dugu".
Jarraitzaileei partiduak ikustera gerturatzeko eskatu dute Arrasate Errugbi Taldetik.