Gizarte Ekonomiaren alorrean, Arrasate erreferente da mundu mailan, bereziki kooperatibismo ereduari dagokionean eta horri lotuta eta herriak berak Gizarte Ekonomiaren alde betidanik adierazi duen konpromiso instituzional eta politikoa aintzat hartuta, Udalaren hitzetan “GSEF 2018 herriko eredu bereizgarria indartu, balioan jarri eta ezagutzera emateko baliagarria izan da”.
Aipatu Sarea, Gizarte Ekonomiaren garapena babesteko konpromisoa hartuta duten tokiko gobernuek eta gizarte zibileko eragileek osatutako nazioarteko sarea da eta helburua du, hain zuzen, gizarte ekonomiari garrantzia eman eta ekonomia horrek inguruan zein komunitatean eragiten eta sortzen dituen inpaktu positiboak areagotzea.
Momentu honetan sareak 47 kide ditu, mundu guztitik eratorriak: Hego Korea, Kanada, Japonia, Txina, Mexiko, Filipinak, Bangladesh, Taiwan, Uganda, Ekuador, Peru, Pakistan, Cabo Verde, Indonesia, Mali, Nepal, edo Palestina, besteak beste.
2020 urteko Foroa Mexico DFen ospatuko da, GSEF-ko kideek jada onartu baitute bertako alkatea den Claudia Sheinbaum-ek egindako eskaera.