Gaur eta bihar artean, GSEFko 300 bat lagun etorriko dira Arrasatera. Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroaren laugarren edizioa gaur amaituko da Bilbon, baina hainbat ekintza Arrasaten burutuko dira, Udalak eta herriko gizarte ekonomiako eragileek elkarlanean antolatutakoak.
Bisita
Maria Ubarretxena alkateak egin die harrera goizean, jatorri ezberdinetatik etorritako taldeari. Arrasateko gizarte ekonomiaren ekosistema aurkezteko bideoaren proiekzioa ikusi ostean, "gizarte ekonomiak herrian duen presentzia eta garrantzia islatzeko", Jose Maria Arizmendiarrieta ardatz duen erakusketa ikusteko bisitaldia egin dute 09:45ean Kulturaten. Ostean, Arrasateko gizarte ekonomia ezagutzeko lau ibilaldi egiteko aukera eskaini zaie kongresuko kideei, enpresen eta jardueren adibideak gertutik ikusteko:
- Baloreen ibilbidea: Arizmendiarrietaren obraren bitartez, herria eta balio kooperatiboak ezagutzeko bisita.
- Kooperatiba Industriala: Kooperatibismoaren eredua ezagutzeko tokiko kooperatiba industrial batera bisita.
- Hezkuntza Kooperatiba: Arrasateko kooperatiben garapenean hezkuntzak izandako garrantzia ezagutzeko Mondragon Unibertsitatera eta Arizmendi Ikastolara (biak kooperatibak) bisita.
- Ekonomia solidarioaren ibilbidea: Emaus, Arrasateko Gureak Inklusio Taldea eta Caritas-eta bisita.
Lau ibilbideetatik lehena aukeratu dutenak Goienan izan dira arratsaldean, kooperatibaren balioak eta komunikazio taldean egiten den lana gertutik ezagutzeko.