Azken urteetako ohiturari eutsiz, Artgazki elkarteak Udazkena Euskal Herrian argazki lehiaketa jarri du martxan.
Izenak dioen moduan, Euskal Herriko udazkena da lehiaketaren gaia, eta "aurkeztutako lanek erakutsi behar dute Euskal Herriko basoak, errekak, itsasoa, herriak, baserriak, eta abar nola dauden urteko sasoi honetan", taldeko kideen esanetan.
Parte-hartzea librea eta doakoa izango da, betiere, elkarteko kide izanez gero. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, helbide honetara bidaliz: lehiaketak@artgazki.org.
Aurkeztutako argazkiak ondorengo datuak eduki beharko ditu: argazkilariaren izena eta abizenak, helbide elektroniko bat, telefono zenbaki bat, argazkiaren titulua eta argazkia non aterata dagoen. Era berean, "argazkiak ezin izango du eraman inprimatuta ez egilearen izenik, ezta inolako anagramarik ere".
Debekatuta
Debekatuta daude fotomuntaketa bidez egindako irudiak eta argazki bat baino gehiagorekin osatutakoak, eta epaimahaiak baztertu ahal izango ditu, bere iritziz, manipulatuta dauden argazkiak, hala nola "irudiaren elementu bisualak erantsi, kendu edo lekuz aldatuz osatutakoak". Eta ez dira onartuko argazkiaren jatorrizko formatua aldatzen dituzten mozketak.
Aspanogiri laguntzeko
Azaroaren 21a izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta 25ean jakinaraziko dituzte argazki sarituen izenak. Epaimahaiak aukeratutako argazkirik onenak Arrasateko hainbat establezimendutan erakutsiko dira, eta, ondoren, Kulturateko erakusketa aretoan. Lanak salgai jarriko dituzte, eta jasotako dirua Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteari laguntzeko erabiliko dute.
Sariei dagokienez, irabazleak 300 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, 200 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Publikoaren saria ere egongo da: mendiko materiala.
Informazio gehiago, Artgazki.org webgunean.