'Jaiki' talde politiko berria sortu da Arrasaten

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 2a, 15:24
Irudia: Jaiki taldekoek Iturripeko frontoi handian egindako pintaketa.

"Alderdi politikoetatik at herrigintza borrokalaria bultzatzeko" asmoz jaio den taldea da. Herriko gazte batzuk daude ekimenaren atzean, eta "independentzia, sozialismoa, feminismoa eta euskaltzaletasuna izango dituzte" ardatz. 

Ez dute zehaztu, nortzuk dauden talde politiko honen atzean, ezta ere hauteskundeetara aurkezteko asmorik duten. 

Hona hemen Jaikiko kideen taldearen sorrerari buruz igorri duten oharra, bere osotasunean:

"Arrasateko gazte batzuek, denbora luzez hausnartu ostean, espazio berri baten beharra ikusi dugu gure herrian politikoki eragiteko; hausnarketa horren emaitza da Jaiki. Independentzia, Sozialismoa, Feminismoa eta euskaltzaletasuna izango ditu ardatz ideologiko nagusi, eta herritarren aktibazioa nahiz formazio politikoa bultzatzea izango du lan ildotzat.

Beharrezko ikusi dugu espazio aktibo berri bat sortzea, alderdi politikoen dinamiketatik harago jardungo duena, gaurko eta etorkizuneko borrokak herri mailan hauspotuko dituena, langile klase kontzientzia hedatzen lagunduko duena, eta gure herriko problematiken inguruko irakurketa propioak plazaratuko dituena.

Gure lanari apaltasunez ekingo diogu, elkarlanaren bila, klase kontzientzia nazionalaren irizpidea konpartitzen duen edonorekin lan eginez, nahiz gatazkan dauden langile eta ikasleekin lerrokatuz. Azken finean, gure herritik Euskal Herriko askapen borrokari gure ekarpena egin nahi diogu. Kalean, lantokian, eskoletan eta borrokan ikusiko dugu elkar.

Aurrera bolie!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak