Hona hemen Arrasateko Sorturen oharra bere osotasunean:
"Arrasateko Sortuk bere babes eta elkartasun osoa eskaini nahi die hiru hilabete luzez greban jarraitzen duten Arrasateko etxez etxeko zerbitzuetako langileei. Era berean, urriak 3rako deitu duten manifestazioarekin bat egiten dugu eta dei egiten diegu herritar guztiei bertan parte har dezaten.
Zaintza lanak behin eta berriro emakumeon gain geratzen dira, nagusiki dohainik edo bestela lan eremu oso prekarioetan burutzen ditugularik. Arrasateko etxez etxeko zerbitzuko langileen lan baldintzak esplotazio eta prekarietate horren adibide garbia dira.
Baina emakumeok 2018ko martxoaren 8an planto egin genuen eta ahaldundu egin gara. Bizitza erdigunean jartzera goaz, eta besteak beste zaintza balioan jarri nahi dugu. Zaintza lanak ezinbesteko lanak baitira guztion ongizaterako eta ezin dute ezkutukoak eta inolako aitortzarik gabeko lanak izaten jarraitu. Borroka bide luzea dugula argi dugu eta Arrasateko etxez etxeko langileen borroka, borroka zabal horren adibide da.
Hori dela eta, Arrasateko etxez etxeko zerbitzuko langileek lan baldintza duinak edukitzea eskatzen dugu, arrasatear guztion ongizaterako premiazkoak direlako. Horretarako, horren ardura duten udal gobernuari (PNV eta PSE) eta enpresei lehenbailehen hauek berma daitezen beharrezko urratsak eman ditzaten eskatzeko gu ere urriak 3ko manifestazioan egongo gara. Emakumeon aurkako esplotaziorik EZ! Zaintza lan duinak orain! Gora langile borroka! Gora borroka Feminista!"