"San Juan Bataiatzailea parrokia zaharberritu zutenean, langileek sarkofago bat aurkitu zutela ikusi zuen herritar batek. Baina obrako zuzendariak ez zuen horri buruz ezer jakin nahi, eta lanak lehenbailehen amaitzeko eskatu omen zien langileei, sarkofagoa ikusi ez balute bezala. Hori ikusita, herritar horrek kexa bat helarazi zion Udaletxeari, sarkofagoaren aurkikuntzarekin ezer egin ez zela ohartaraziz. Kexa ofizial hori existitu egiten da, eta horrezgain, beste bi herritarrek esan izan digute sarkofagoa ikusi egin zutela" azaldu du AZEko Jose Angel Barrutiabengoak.
Sarkofago horren barruan Palentziako gotzain bat dagoela uste dute AZEko kideek, eta aurtengo indusketen helburu nagusia hori aurkitzea izango da. "Daukagun informazioaren arabera, eskeletoa, arropak, eraztunak eta makulua izango lituzke barruan. Kokapenari dagokionez eliza ate inguru horretan egon daiteke. Iaz, espazio faltagatik ezin izan genuen sarkofagoraino heldu, baina ea oraingoan lortzen dugun".
Aste honetan Udal langileak arituko dira lanean, bertako lurra altxatzen. AZEkoen kalkuluen arabera zazpi egun egingo dituzte zeregin horretan, eta ostean hasiko dituzte indusketak. "Hamar egun inguru pasako ditugu indusketak egiten".
Irudia: Pasatzeko lekua dagoen aldean aritu ziren iaz, eta aurten, aldiz, parrokiako ate inguruan.
Lanek irauten duten artean Erdiko Kaleko atea erabili beharko da San Juan Bataiatzailera sartzeko, eta baliteke bertako sarreran gurpildun aulkidunentzako arrapala bat egokitzea.