Hona hemen Baleikeren oharra bere osotasunean.
"Legedi honetan zehar hainbat alditan nabarmendu ondoren, Baleike taldetik pozten gara auzoetako jolas parkeen gure eskariak azkeneak efektua izana. Gobernu taldeak San Andres eta Musakolan egin beharreko eskuhartze batzuk martxan jarri ditu. Alde batetik Musakolako parkea Abuztuan berritu da eta bestetik San Andresen kokaturiko Kurtzetxikiko parkerako prozesu partehartzailea abiatu da. Baina hau horrela izanda, San Andreseko auzo guztian aipatutakoaz at, gaur egun baldintza minimoak betetzen dituen beste jolas parkerik ez dagoela salatu beharrean gaude eta are gehiago izan diren eskuhartzeak beharrezkoak diren arren guztiz eskas gelditzen dira, egiten ari direnak oso berandu heldu direla azpimarratuz.
Obenerrekako parkeak adibidez, orain dela 20 urte baino gehiago eraiki zen, premiazko berrikuntzak behar ditu eta gauza bera gertatzen da Cordoba y Oro-n dagoen parkearekin, gobernu taldearen aldetik auzo honek jasaten duen abandonu egoera sakonduz. Aldi berean, behar eta segurtasun irizpide logikoen uts nabarmena antzematen da jolas parkeei dagokienez. Lehentasunak ez dira baldintza txarrean dauden parkeen edo umeen segurtasunean bideratzen, ez dago inongo eskuhartze planik eta improbisazioa da eguneroko ildoa. Gobernuko alderdien gelditasun honek ondorio negatibo zuzenak ditu, batez ere auzoetako herritar eta umeen kaltetan.
Behin eta berriz adierazi eta eskatu dugun arren, gai honen gainean udaletxe honen lan lerroak misterio bat izaten jarraitzen dute. Beraz, gure aldetik umeen jolasparkeen baldintza eta arrasatearren behar errealak aintzat hartzen dituen planifikazio zehatz bat eskatzen jardungo dugu, kontuan harturik legedi honetan zehar auzoen baztertzeratzea joera garbia izan dela".