"Uda nahiko lasaia izan da, baina delinkuentzia kasuek gora egin dute azken astean. Asko izan dira oso denbora gutxian". Hitz horiek erabili ditu Arrasateko udaltzain batek, azken asteko lapurreta gorakadaren harira.
Azken kasua, atzo goizaldean Ferrerias kaleko Basati tabernan egindako lapurreta izan da. Kanpoaldeko pertsiana indarrez zabaldu ostean, ateko kristal bat hautsita lortu zuten barrualdera sartzea lapurrek. Behin bertan kaxa erregistratzaileko, makina txanpon jaleko eta tabako makinako dirua ostea lortu zuten. Tabernako arduradunek salaketa jarri dute, eta Ertzaintzak martxan du hori argitzeko ikerketa.
Autoetako kristalak, apurtuta
Bariku gauean aldiz, Mesedeetako Amaren ikastetxeko aparkalekuan hainbat autoren kristalak apurtu zituzten. Udaltzainek zortzi apurketa zenbatu zituzten zapatu goizean bertaratu zirenean. Kristalak oraindik lurrean daude, baina Udaltzaingoan eta Ertzaintzan ez dute gertakari horiekin lotutako salaketarik jaso oraindik.
Lehen kasua, Salegin
Salegi harategikoa, gaur zortzi izan zen. Lapurrak Otalora etorbideko atearen gaineko leihotik sartu ziren, hau apurtzera heldu gabe. Kutxa erregistratzailea, eta txanponak eraman zituzten, eta salaketa jaso ostean Ertzaintzatik adierazi dute ikerketa martxan dutela.
Irudia: Orain babestuta dagoen ate gaineko leihotik sartu ziren lapurrak.