Eguneko ezbeharra izan da. Emandako informazioaren arabera Besaideko igoeran zauritu da mendizalea eta traumatismo ugarirekin eraman dute erietxera. Larritasun maila neurtzeko eraman dute badaezpada ospitalera.
Gainerakoan, antolatzaileak gustura agertu dira gaur Besaiden elkartutako jende kopuruarekin zein bertan egondako giroarekin. Arrasatek, Aramaiok eta Elorriok txandaka antolatzen dute Besaide Eguna. Aurten, Arrasateko mendi elkarteari egokitu zaio zeregin hori eta Aramaiokoari pasa dio lekukoa.
Besaide Mendi Taldeko Aitor Zubiagaren esanetan buelta batzuk eman nahi dizkiote antolaketa sistemari. "Gaur txukun atera dira gauzak eguraldiak ere lagundu duelako, baina orokorrean gainbehera datorren kontu bat da Besaide Eguna. Txandaka antolatzen dugu hiru herriek, baina ez dugu elkarren berri eta ondo legoke elkartu eta elkarlan batera heltzea. Federazioak ere inplikatu nahiko genuke kontu honetan", esan du.
Inguruari zor zaion aitortzarekin arduratuta
Arrasatetik arduratuta agertu dira baita ere inguruari ez zaiolako zor zaion garrantzia ematen aspaldian. "Hildako mendizaleen omenezko monumentua dago bertan eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba elkartzen dituen puntua da. Uste dugu merezi duela begirune pixka bat gehiago. Bi zein lau erruberako motorrak nolanahi ibiltzen dira inguruan eta ahazten dugu esanahi handiko eremua dela. Hobeto zaindu beharko genuke".
Besaide Mendi Taldean zer egin daitekeen aztertzea nahiko lukete eta hainbat bilera eskatuko dituzte erakundeak ere inplika daitezen. Eremuari itxitura bat ipintzea ere ikusten dute.
Gaur aurreskua, lore eskaintza eta goiz pasa egin dituzte Besaiden elkartu diren 200 bat lagunek. "Mendi buelta polita egin dugu; izan ere, paraje ederra da. Ea egoera onean egoteko modua aurkitzen dugun", esan du Zubiagak.