Kubako iraultzaren testuinguruan emakumeek egindako lana eta eskuratutako lorpenak ditu oinarrian 92 minutuko ikus-entzunezkoak. Hala, emakume kubatarrek bizitzako esparru ezberdinetan bizi duten errealitatea islatzen da bertan horrek suposatu dien ahalegina eta konpromisoa agerian utziz. Torrelas-ek uste du beste mundu bat posible dela eta alde handiak daudela Kubako emakumeen eta munduko gainerako emakumeen artean; izan ere, lorpen handiak egin dituztela adierazten du.
Ikus-entzunezkoak testigantza ugari jasotzen ditu eta esparru oso zabaleko emakumeek ematen dituzten. "Bizimodu oso xumea duten emakumeak dira, baina kultura handiko pertsonak dira eta gizatasun eta balore oso handikoak", esan du egileak. "Oso argi dute kolektiboaren garrantzia eta ez dagoela lorpenik nekerik gabe". Gaineratu du kapitalismoak komunitatearen edo kolektiboaren suntsipena bilatzen duela, eta munduak baduela horri aurre egiteko nora begiratu; izan ere, Kubako iraultzak 60 urte dirau martxan.