Azken urteetan ohikoa izaten den moduan, aurten ere Pitxi Herrero zenaren omenezko torneoa jokatuko dute Iturripen, Arrasate Eskubaloi Elkarteak antolatuta. Arrasateko lau talde ariko dira lehian bihar eta etzi.
Bihar, zapatua, infantil mailako mutilen taldeak jokatuko du lehen partidua, Ordiziaren aurka. 10:00etan izango da lehia, eta 25 minutuko bi zati jokatuko dituzte.
Senior mailako gizonezkoen taldeak, Ford Mugarrik, hiruko torneoa jokatuko du arratsaldean. Hala, lehen partidua Ereintza Beissier taldearen aurka jokatuko dute, 17:15ean. Bigarren norgehiagoka 18:45ean izango da, Ordizia Siglo XX taldearen aurka. Hirugarren partidua beste bi taldeek jokatuko dute elkarren aurka, 18:00etan.
Etzi, domeka, beste bi partidu jokatuko dituzte. Lehena, kadete mailako mutilek, Ordizia Orkli taldearen aurka, 10:30ean. Bigarrena, berriz, gazte mailakoek, 12:00etan, Mondragon Lingua Aloña Mendiren aurka.
Nesken talde berria
Albiste pozgarri bat ere utzi digu 2018-2019 denboraldiak. Izan ere, bederatzi urteren ostean, nesken talde bat izango du Arrasate Eskubaloik aurten, kadete mailan. 14 jokalariz osatutako taldea izango da, eta Jon Urrutia Piti eta Nerea Hernandez izango dira entrenatzaileak.
Lehenengo urtea izanda, normala den moduan, jokalariek eskubaloian jokatzen ikastea izango da asmoa entrenatzaileen asmoa. Lehen proba Pitxi Torneoan izango dute. Bihar, zapatua, euren lehen partidua jokatuko dute, 11:30ean, ordiziarren aurka.