Marala Triok hasi zuen atzo Kulturate Akustikoak ekimenaren hamargarren edizioa, eta gaur, Virginia Maestrok eman dio jarraipena. Artista jaendarra lau musikariren konpainian igo da agertokira, eta kontzertuak iraun duen ordu eta erdi inguruan, musikari eta abeslari moduan duen trebezia erakutsi du.
Askorentzat Operación Triunfo saioa irabazi izanagatik ezaguna, gaur Arrasaten entzun denak zerikusi gutxi dauka telebista saio horretan parte hartu izanak sortzen dituen aurreiritziekin. Country, blues eta folk doinuz bete du Kulturateko areto nagusia: gozo batzuetan, indartsu bestetan, denetarako balio duen ahots berezia duela argi utzi du gitarra eskuetan. Batez ere ingelesez abestu arren, gaztelerari ere egin dio keinurik, eta deigarria izan da agertokian bakar-bakarrik egonda abestu duen Antonio Machinen Mira que eres linda kantuaren bertsioa, Roots izeneko bere azken diskoan dagoena.
Publikoarekin gertuko eta jostalari, ikusleek txalo zaparrada beroarekin eskertu diote gaur egindako lan ona.
Bihar, Olatz Salvador
Olatz Salvador donostiarrak borobilduko du bihar 20:00etan hasita emango duen kontzrtuarekin Kulturate Akustikoak zikloaren lehen asteburua.