120 emakumek parte hartu dute Sveti Martin Na Muri herrian jokatutako munduko txapelketan. Guztiek izan dute beroa aurkari, bereziki azken kilometroetan. "Lehenengo 60 kilometroetan asko gozatu du. Disfrutatu ere egin dut. Ostean etorri da sufrikarioa. Tripak nahastu zaizkit, eta komunera joan beharra izan dut hainbatetan. Azken txanpan ondo neurtu ditut indarrak eta helmugara heltzeko gai izan naiz", esan du.
Arantza bat geratu zaio ordea: Asier Cuevasek lasterketa utzi behar izatea. "Lagunak gara. Berak nik baino esperientzia handiagoa dauka halako distantzietan, baina, arazoak izan ditu eta proba utzi du".
Munduko txapelketa izanik, lasterketaren ostean, sariak banatzeko gala izango dute. "Proba aurreko egunean desfilea izan genuen. Gaur gauean sari banaketa ekitaldia eta afaria izango ditugu".
Aurrera begirakoak
Astelehenean atseden hartuko duela esan du, eta martitzenean 40 minutuko bizikleta saioa egingo du. Horrela hasiko du gaurko esfortzuaren errekuperazioa. "Bizikleta saioarekin azido laktikoa mugitzen hasiko naiz, eta apurka-apurka errekuperatzen".
Eta, erronka honen ostean, zer? "Behobia-Donostian erbi lanak egitera gonbidatu naute. Lasterketa erraldoi hori beste ikuspuntu batetik disfrutatzeko aukera da eta onartu egin dut. Azaro bukaeran, Donostiako maratoia egingo da, eta akaso, gorputza ondo badaukat, parte hartuko dut", esan du.