'Gontxa' gustura dabil Zipreko etapa berrian

Xabi Gorostidi 2018ko ira. 7a, 17:40

Abentura berri bat bizi izateko erabakia hartu zuen uztailean Mikel Gonzalez de Martin futbolari arrasatearrak, eta ez da batere damutu. Familia bikain moldatu da Larnaka hirira, eta arlo profesionalean Europa League-rako sailkatzea lortu dute

Bizitzaren trena begi aurretik pasatzerakoan, egonkortasuna alboratu eta ziztu bizian doan bagoira igotzea erabakitzen dute batzuek. Eta horixe bera egin berri du Mikel Gonzalez de Martin futbolari arrasatearrak. Zaragozan beste urtebeterako kontratua izan arren, maleta prestatu eta Zipreko Larnaka hirira lekualdatzea erabaki zuen.

"Iaz, Zaragozan, play-off-erako sailkatu arren, ez genuen mailaz igotzea lortu, eta handik gutxira jaso nuen AEK Larnakaren eskaintza. Ez zen erabaki erraza izan, etxekook gustura baikeunden Zaragozan. Baina Reala uzteko orduan, atzerrian jokatzeko desioa nuen buruan: beste kultura batean, beste hizkuntza batekin... Erabakia hartu aurretik, egun pare bateko bisita egin genuen Larnakara Anek [emaztea] eta biok, eta aurrera egitea erabaki genuen".

Hizkuntzaren erronka nola daraman galdetuta, zera erantzun du: "Nire ingelesa ez da oso akademikoa, baina poliki-poliki ari naiz maila hobetzen. Zipreko ama hizkuntza grekoa da, eta niretzat lagungarria da hori, eurekin ingelesez komunikatzeko orduan bi aldeek egiten dugu eta ahalegin gehigarria".

Larnakara egokitzen

"Oso hiri turistikoa da, eta udako denboraldiak martxotik urrira irauten du. Familia, adibidez, bikain egokitu da: Ane eta haurrak duela bi astetik daude hemen, eta jada hiri kanpoaldeko etxe batean finkatu gara".

Mediterraneoan bizi izateak baditu berezko berezitasunak, eta zera dio, besteak beste, elikadurari buruz: "Elikadura Greziakoaren oso antzerakoa da: souvlakiak, gazta eta pepino entsaladak... baina, egia esan, arrain eskaintza handiagoa izatea espero nuen. Uharte bat da, baina bertakoak ez dira oso arrantzaleak, antza. Souvlakiak asko gustatzen zaizkit". Ziprera egokitzeko, berotasuna da kontuan hartzeko faktoreetako bat. Hondartzara joateko lagungarri izan daiteke, baina entrenatzeko, ez. "Beroa saihesteko, 08:00etan hasten ditugu lan saioak".

Kirol arloan hasiera polita

Klubaren historian bigarrenez lortu dute Europa League-rako sailkapena, eta kontinenteko talde indartsuetako batzuekin neurtuko dituzte indarrak.

"Ludogoretsk, Zurich eta Bayern Leverkussen taldeen aurka lehiatuko gara. Azken hauek ondo ezagutzen ditut, Realaren aurka azken minutuan sartutako golarekin irabazi ziguten eta. Ez zaigu Arsenal, Milan edo Chelsea bezalako oilarrik egokitu, baina pasatzeko aukera gehiago izango ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak