Iñaki Galparsoro hil da, Garagartzako "abade langilea"

Xabi Gorostidi 2018ko uzt. 24a, 13:00

1960ko hamarkadan heldu zen Garagartzara, eta bertan eta Santa Agedan aritu zen abade lanetan duela lau urtera arte. Langileen eta herritarren alboan egoteagatik zen ezaguna, eta miresmenez oroitzen dute bertako auzotarrek. Uztailaren 13an zendu zen, eta domeka honetan bere aldeko elizkizuna antolatu dute Garagartzako eta Santa Agedako lagunek –San Mikel Deunaren parrokian, 10:45ean–.

"Abade langilea". Hitz horiekin definitzen dute Garagartzako eta Santa Agedako biztanleek Iñaki Galparsoro Barandiaran, urte luzez bi auzoetan abade gisa jardun izan duen ataundarra.

Hasieran, Joxe Migel Barandiaran antropologoaren iloba izategatik zen ezaguna, baina Arrasatera heldu eta segituan hasi zen bere izaera langileagatik ezberdintzen.

"Galparsorok, abade izateaz gain lan egin nahi zuela esaten zuen. Langileen alboan egotea zen haren nahia, eta abade lanak egiteaz gain, Fagor Garagartzan egin zuen lan, prentsa departamentuan. Ostean, Santa Agedako abade lanak ere hartu zituen. Aurreko apaizak soilik Garagartzan ematen zituen mezak. Honek, aldiz, Garagartzan eta Santa Agedan, eta horrez gain, Fagorren ere lan egiten zuen" gogoratzen du Garagartzako auzotar batek.

Gizon eskuzabala zela ere nabarmendu dute ezagutu zutenek. "Bataioak edo entierroak egiteagatik sekula ez zuen dirurik eskatzen, bere jornalaren barruan zegoen zerbait zela ulertzen zuelako. Gainera euskaraz egiten zituen, oso euskalduna zelako. Horrez gain, urtean hiruzpalau aldiz, auzotarrentzako otorduak prestatzen zituen: urtebetetze egunean, San Inazio patroiaren egunean, auzoko jaietan, koruari laguntza emateko ekitaldietan..."

Laguntzeko borondate nekaezina

Hori da Galparsororen nortasunari buruz, Garagartzako eta Santa Agedako auzotarrek nabarmentzen duten beste alderdi bat. "Gogoratzen dut behin Debaraino etorri zela nire bila, gaixorik nuen familia kide bat ikus nezan. Bere kontaktuei esker nengoen bertan, udalekutan, eta 600 autoa hartu eta nire bila etorri zen. Garai horietan Debara joatea gaur egun Madrilera joatea bezalakoa zen, baina hori ez zen traba bat harentzako".

"Garagartzako gazteei sekulako zerbitzua eman zigun bere 600 autoarekin. Beti zegoen jendea Arrasatera edo beste edozein tokitara eramateko gertu".

Domekan, meza

Gaixotasun luze baten ondorioz hil zen 84 urterekin, pasa den uztailaren 13an. Ataunen, bere jaioterrian egin dizkiote jada hileta elizkizunak, baina domeka honetan bere omenezko elizkizuna egingo dute San Mikel Deunaren parrokian,. 10:45ean.

Garagartzako eta Santa Agedako lagunek antolatu dute, eta parte hartze berezia egingo du bertan Garagartza eta Gesalibarko Abesbatzak. Ahalik eta jende gehien bertaratzeko deia ere egin nahi izan dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak