Arrasateko Zentro Kristau Bataiatzaileak antolatuta, gospel doinuak entzuteko aukera izan zen atzo, zapatua, iluntzean. "Udaro egiten dugu ekitaldia Arrasaten, atzokoa, hirugarren urtez jarraian, eta aurrekoetan moduan, harrera polita izan genuen; oso eskertuta gaude", azaldu du musika taldeko kide David Reyesek.
1985ean Iruñean sortutako taldea den arren, gaur egun, herri askotako kideek osatzen dute, horien artean, Arrasateko, Gasteizko, Errenteriakoek. Atzokoan, hamabost abeslari izan ziren taularen gainean, zazpi musikari lagun zituztela. "Gospel musika garaikidea estiloko kantuekin osatzen dugu gure errepertorioa, eta halaxe egin genuen atzo ere. Gure gurtza ekitaldietan kantatzen ditugun abestiak dira, bertaratu ziren ikusleek ondo zekizkitenak", gaineratu du Reyesek.
Atzoko emanaldia eskainita, datorren asteburuan Teruelen abestuko dute, eta irailaren 8ra bitartean Galizian, Errenterian, Zaragozan eta Gasteizen ere emanaldi gehiago eskainiko dituzte.