Herritarrak pozik, Lezetxikira egindako bisitaren ostean

Arrasateko Turismo sailak antolatuta, Lezetxikira bisita egin du gaur goizean hamabost lagun inguruko talde batek. Atzo, beste horrenbeste igo ziren eta biharko ere, osatua du taldea turismo sailak. Herriko plazan abiatu dute txangoa eta oinez, Lezetxikiraino iritsi dira. Bidean, turismo teknikari Arantza Otaduyren eskutik, Arrasateko historiaren hainbat gako ezagutzeko aukera izan dute. Lezetxikira helduta, 20 urtez baino gehiagoz hango indusketak zuzendu dituen Alvaro Arrizabalaga arkeologoaren azalpenak entzuteko aukera izan dute.

Gaur Lezetxiki bisitatu dutenetako batzuk egonda zeuden aurretik ere, horietako batzuk, ume zirela lagun artean mendira egiten zituzten txangoetan. Haiek, indusketen ondorengo Lezetxiki ikusi gura zuten, eta umetako Lezetxiki hura gaur egun zela dagoen ikustea. Beste batzuendako, aldiz, lehenengo aldia izan da koban. Guztiendako izan da, ahaztuko ez duten esperientzia.

Herriko plazatik irten eta hara iritsi bitartean Arantza Otaduyren eskutik jaso duten informazioaz gain, Lezetxikin bertan, Alvaro Arrizabalaga arkeologoaren azalpenak entzuteko aukera izan dute. Gaur egun, datazio lanak egiten ari dira bertan, lur geruza bakoitza zein garaitakoa den jakiteko. Mundu mailan oso laborategi gutxitan erabiltzen den teknika batekin ari dira hori egiten eta Australiako hiru zientzialari daude une honetan laginak hartzen. Lagin horiek, Australiako laborategi batera bidaltzen dute, han datazioa egin dezaten. Lehenengo datuek ziurtatu egin dituzte Arrizabalagaren eta haren taldearen estimazioak. Alegia, 200.000 urte inguru dituela geruzarik zaharrenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.