Hilabete greban eta "konponbiderik gabe" Arrasateko etxez etxeko langileak

Mirari Altube Arrese 2018ko uzt. 17a, 17:50

"Soluziorik ez dago gure lan auzian" adierazi dute grebaren laugarren astean sartu diren Arrasateko etxez etxeko langileek. Bai Udalarekin, bai Ute Clece Zaintzen enpresarekin bilerak izan arren ez dutela aurrerapenik egin diote.

Udalak hartutako jarrera salatu nahi dute langileek: "Enpresak aldi bateko gaixotasunak %75ean ordaintzeko prest zeudela argitu zuen, baina langileek behin eta berriz esan dugu etxez etxeko lan baldintzak ez direla horrekin konpontzen. Udalak Clece enpresa presionatu ordez, langileen ordezkariak konbentzitzen saiatu ziren behin eta berriz negoziazioan mahai gainean dagoena sinatzeko, enpresaren aliatu bihurtuz", adierazi dute prentsa ohar bidez. 

"Gatazkaren konponbidea" hitzarmen batean

"Zaintza lanak, hain beharrezkoak, hain funtsezkoak badira Arrasateko herriarentzat, uztailak 10eko Udal batzarrean adierazi zuten bezala, zergatik gaude langileak egoera honetan? Non daude Udalak hartutako konpromiso politikoak martxoaren 8an emakume eta gizonezkoen arteko soldata arrakalari aurre egiteko?", galdetu gura izan diete, eta gaineratu "gatazkaren konponbidea" hitzarmen batean dagoela: "Etxez etxeko laguntzako lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen batean, ez besterik – izan ordu publiko, izan ordu pribatuak–". Eta Clecek ez duela horren gainean hitz egin nahi adierazi dute.

Udalak esandakoarekin ez dira konforme agertu: "Udalak dio ezin duela ezer egin arlo pribatua arautzeko. Lizitazioaren prezioa igoko duela adierazi du, baina praktikan igoera hori ez da erreala, ordu pribatuak baitira gure ogibide. Argi daukagu hori prekarietatearen aldeko hautua egitea dela". Langileek gaineratu dute eurek ez dutela hautatu halako egoeran egotea eta konponbidea ez dagoela euren esku.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak