Irene Murua: "Gogor ari naiz lanean, hautatua izateko"

Eneko Azurmendi 2018ko uzt. 13a, 09:49

Irene Murua, Iturripen.

Abuztuan Lituanian jokatuko dute Europako 16 urtez azpikoen saskibaloi txapelketa, eta hor egotea du helburu Irene Muruak (Arrasate, 2002); oraingoz, hamasei aurre-hautatuen artean dago. Espainiako selekzioarekin Murtziara joango da hilaren 23an, eta han egingo dute Europako Txapelketa jokatuko dutenen behin betiko aukeraketa –hamabi izango dira hautatuak–.

Espainiako selekzioarekin aurre-hautatuta zaude. Ez da, baina, selekzioarekin joaten zaren lehen aldia, ezta?

Ez; duela bi urte joan nintzen lehenengoz. Hainbat kontzentraziotan egon izan naiz Espainiako hiri ezberdinetan, eta txapelketa batzuetan ere parte hartu izan dut.

Zer-nolako esperientzia da selekzioarekin jokatzea?

Esperientzia ederra da, guztiz desberdina. Jende berria ezagutzeko balio izan dit, eta maila oso oneko jokalariekin jokatzeko aukera ere eskaini dit.

Hilaren 23an Murtziara joango zara.

Hori da. Lituanian jokatuko den 16 urtez azpikoen Europako Txapelketa jokatzeko aurre-hautatu gaituzte. Hamasei jokalari joango gara Murtziara eta lagunarteko partidu batzuk jokatuko ditugu. Ostean, hamabi jokalari aukeratuko dituzte Europako Txapelketa jokatzeko.

Hamabi jokalari horietako bat izango zarela uste duzu?

Hala espero dut. Oso maila oneko jokalariak daude Espainian, baina, behin nagoen lekuan egonda, ahal dudan guztia egingo dut hautatua izateko. Horretarako ari naiz entrenatzen.

Maila ona dago, beraz.

Oso ona. Batez ere, Kataluniako maila nabarmenduko nuke.

Europako Txapelketara begira, zein helburu izango duzue?

Espainiako selekzioa, normalean, onenen artean egoten da txapelketa guztietan, eta aurten ere hala izango dela uste dut.

Eta zu zeu zein helbururekin zoaz hara?

Lehenik, espero dut hamabi hautatuen artean egotea. Behin hautatua izanda, guztia ematera joango naiz. Sari bat da, niretzat, nagoen lekuan egotea, eta, disfrutatzeaz gain, ahalik eta gehien ikasten saiatzen naiz.

Lesio bat izan berri duzu. Errekuperatuta zaude dagoeneko?

Duela hilabete eta erdi inguru, orkatila bihurritu nuen, Espainiako Txapelketako partidu batean. Orain, entrenatzen ari naiz, baina orkatila-babesa erabiltzen dut, eta egunero joaten naiz fisioterapeutarenera, errehabilitazioa egitera.

Ehuneko ehunean iritsiko zara kontzentrazio horretara?

Oraindik orkatila ez daukat guztiz ondo, baina gogor ari naiz lanean, eta espero dut egoera onean iristea. Egunean hiru ordu entrenatzen ari naiz, ni bakarrik, entrenatzailearekin.

Bukatu berri den denboraldiari dagokionez, ze balorazio egiten duzu?

Denboraldi bikaina egin dugu. Ointxe-Araski taldea Arabako txapeldun, Euskal Ligako txapeldun eta Espainiako hirugarren onena izan da; beraz, harro egoteko moduan gaude.

Taldeak eman duen maila onaren parte garrantzitsua izan zara zu.

Ez dakit. Egia da batzuetan sokari tira gehiago egitea tokatzen zaidala, kapitaina izanda beti izan behar duzulako lider jarrera hori, baina taldea guztiok osatzen dugu, eta meritua denona da, jokalari bakoitzarena.

Maila pertsonalean, jaso duzu saririk denboraldian zehar?

Espainiako Txapelketako azken jardunaldian, adibidez, jokalari onena izendatu ninduten.

Datorren denboraldiari begira, jaso duzu beste talderen baten eskaintzarik? Ointxe!-n geratuko zara?

Egia esan, jaso dut eskaintzaren bat edo beste, baina Ointxe!-n geratzea erabaki dut. Nire taldea izan da beti, eta iruditzen zait hemen geratuta hobetzen jarraituko dudala. Oraindik asko daukat ikasteko, eta uste dut hemen ditugun entrenatzaileak horretan laguntzeko aproposenak direla. Gainera, oso talde ona daukagu. Pozik nago hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak